Emakume idazleen topagune izango da hiru egunez Geure Gelatik liburu azoka

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 4a

Hainbat lagun, iaz, liburu azokan. (Andoni Elduaien)

Martxoko azken astean egingo dute Elkargunean Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako emakumeen liburu azoka. Aurten, Yolanda Arrieta idazle etxebarritarra omenduko dute. Euskara elkarteak liburu azokarako bonuak kaleratu ditu aurten ere, eta dagoeneko eskatu daitezke. 

Egunak besterik ez dira falta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokarako. Azkoitiko euskara elkarteak atzo, asteartea, jakinarazi zuen aurtengo azokaren egitaraua, eta ohiko bidetik, berrikuntza diren zenbait idazleren lanak aurkeztuko dituzte. Martxoaren 26tik 28ra bitartean egingo dute azoka, Elkarguneko Oteiza aretoan. Martxoaren 26an eta 27an, 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute azoka, eta hilaren 28an, 10:00etatik 14:00etara. 

Yolanda Arrieta idazle etxebarritarra omenduko du aurten Maxixatzen elkarteak. Hain justu, hari egindako omenaldiarekin irekiko ditu ateak azokak hilaren 26an. Miren Agur Meabe idazleak jaso zuen iazko azokan Maxixatzenen aitortza, eta aurten, Meabe berak emango dio oroigarria Arrietari. Arrietak, besteak beste haurrei eta gazteei bideratutako literaturan sakondu du; lan horri esker jaso zuen 2015ean Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi saria, Argiaren alaba liburuarekin. Ordea, helduei zuzendutako liburuak ere idatzi ditu hark. Guztira, hamabost lan baino gehiago argitaratu ditu Arrietak 2009. urteaz geroztik. Azkena iaz kaleratu zuen: Memoria berriak.

Omenaldiaren ondoren, hiru egunez zenbait liburu aurkezpen egingo dituzte Elkargunean, liburu horien egileen solasaldiekin tartekatuta: Arantxa Urretabizkaiak Zahartzaroaren maparen bila liburua aurkeztuko du, Katixa Agirrek Barne zerbitzuak, Edurne Lazkanok Terraza debekatua, Gema Lopez azkoitiarrak Barazkijalea eta Onintza Enbeitak Bizitza baten txatalak

Dena ez da izango solasaldia eta aurkezpena, ordea; izan ere, Maxixatzen elkarteak euskal literaturako berrikuntzak diren liburuak ere salduko ditu Elkargunean, helduei eta haurrei zuzendutakoak. Gainera, liburuen salmenta areagotzeko asmoz, Geure Gelatik liburu azokarako bonuak kaleratu ditu aurten ere Maxixatzenek; hamar euroko balioa duten bonuak bost eurotan jarri ditu salgai elkarteak. Bonuak eskuratu nahi dituenak maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora idatzi edo 675 85 71 11 telefono zenbakira whatsapp bat bidali beharko du.

Hona hemen egitaraua Maxixatzen elkarteak 2026rako prestatu duen egitaraua: 

Martxoak 26, osteguna:

  • 18:00. Yolanda Arrietari omenaldia, Miren Agur Meaberekin batera.
  • 19:00. Arantxa Urretabizkaiaren Zahartzaroaren maparen bila liburuaren aurkezpena, Julen Garatek lagunduta. 

Martxoak 27, ostirala: 

  • 18:00. Katixa Agirreren Barne zerbitzuak liburuaren aurkezpena, Irene Elortzak lagunduta.
  • 19:00. Edurne Lazkano eta Gema Lopez, Terraza debekatua eta Barazkijalea liburuak aurkezten, Aitor Arrutiren laguntzarekin. 

Martxoak 28, zapatua: 

  • 11:00. Onintza Enbeitaren Bizitza baten txatalak liburuaren aurkezpena, Josune Herrartek lagunduta. 
  • 12:00. 2025eko 2 minutu lehiaketan saritutako lanen irakurketa eta azokaren itxiera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide