Urola Erdiko Itaiak Emakume langileon askapenerako erronkak eta proposamenak hitzaldia eskaini du gaur, zapatua, Elkarguneko Oteiza aretoan. Antolakunde sozialistak ezarritako ortzi-mugak eta helburuak zabaltzeko asmoz egin dute gaur goizeko solasaldia han. Emakume langileen "zapalkuntzaren azterketa" egin dute hasieran, eta zapalkuntza horri aurre egiteko norabide estrategikoak eta proposamen politikoak aurkeztu dituzte gero.
Martxoaren 8an "berezko borroka izaera" berreskuratu behar dela adierazi dute Itaiakoek. Horretan sakonduz, emakume langileen "zapalkuntzaren egoera" zein den azaldu dute, baita "krisiak, austeritate politikek eta horrekin lotura duten faxismoaren eta autoritarismoaren gorakadak" emakume langileengan zer eragin duen ere.
Bestetik, "zapalkuntzarekin amaitzeko alternatiba iraultzaile baten beharra" azpimarratu dute haiek, Itaiaren proposamen politikoan eta oinarri politikoetan sakonduz. Oinarri politiko horiek, hain justu, hiru esparruri erantzun behar dietela uste du Itaiak. Batetik, emakume langileek bizi duten "esplotazio ekonomikoa" utzi nahi izan dute agerian hitzaldian. "Zaintza, garbiketa nahiz antzerako lanak guztiz pribatizatzen ari dira, eta enpresariak diru pila bat ari dira poltsikoratzen langile horien eskutik. Halako lanek gizarte osoaren gain izan behar dute eragina, ez emakumeengan bakarrik", esan dute.
Bestetik, matxismoaz aritu dira. Itaiakoek adierazi dute "guztiz normalizatuta" dagoela matxismoa egungo gizartean, eta jarrera horiek "normalak izan ez daitezen" lan egin behar dela. "Horretarako ezinbestekoa da kaleak hartzea, aldarrikapena eta propaganda eginez". Era berean, "egungo eskubideen atzerakada" izan dute hizpide. Besteak beste, "abortuaren kriminalizazioa eta zerbitzu publikoen eskastea" aipatu dituzte Itaiakoek.
Datorren astean, gehiago
"Matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeon eskubideen alde" egingo du Itaiak aurtengo Martxoaren 8an. Zentzu horretan, hainbat ekintza antolatu ditu antolakundeak datorren asterako. Ostiralean eta zapatuan, erakusketa jarriko dute herriko plazako Portaleburu aretoan; herritarrek beren artelanak aurkeztu ahal izango dituzte orduan. Martxoaren 8an, berriz, kaleak hartuko dituzte matxismoaren aurka, 13:00etan plazatik abiatuta egingo duten manifestazioan.