Albistegia

"Hezur-haragizko literatura" aldarrikatu dute 44. Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sari banaketa ekitaldian

Andoni Elduaien - Gorka Eizagirre 2026ko otsailaren 28a

Xabier Ariznabarretak jaso du 44. Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren lehen saria, Gotzon Plazak bigarrena eta Iraitz Legarrak hirugarrena. Sariez harago, sormenaren zintzotasunarekin hezur-haragizko idazleek egindako lanak aldarrikatu zituzten, sormenaren balioa eta gizakiaren hitzaren indarra azpimarratuz. 

Bizenta Mogel ipuin lehiaketako hiru sarituek jaso dituzte beren sariak. Azkoitiko Udalak atzo, ostirala, egin zuen lehiaketaren 44. aldiaren sari banaketa ekitaldia udaletxeko bilkura areto nagusian, eta ekitaldia arina bezain jostaria izan zen. Aurten, Xabier Ariznabarreta andoaindarrak (Gipuzkoa) irabazi du lehen saria Hosto lanagatik; Gotzon Plaza gernikarrak (Bizkaia) jaso zuen bigarren saria Kaiolan aske lanagatik, eta Iraitz Legarra markinarrak (Bizkaia) hirugarrena, Saint Louis-Somone ipuinagatik.

Bizkargi musika eskolako piano jotzaileen doinuekin hasi zen ekitaldia, eta modu berean itxi zuten. Maite Rodriguezek Carlos Gardelen Por una cabeza abestia eskaini zuen hasieran, eta Karmele Gorostiagak Bach konpositorearen Birtuosismoa pieza jo zuen amaieran. Sonia Vazquez Kultura zinegotziak egin zituen aurkezle lanak, eta udalak ipuin lehiaketaren bidez "euskara, literatura eta berdintasuna" uztartzeko eta aldarrikatzeko duen konpromisoa berretsi zuen hark. 

Ana Azkoitia alkateak ere hartu zuen hitza sarituei oroigarriak eman aurretik, eta hark hausnarketa sakon baterako bideak zabaldu zizkien herritarrei; adimen artifizialaren bidez eta berez egindako lanen mugez aritu zen alkatea. "Sormenerako gaitasuna batzuen pribilegioa da. Ez dakit berezkoa duzuen edo landu daitekeen, baina zorionekoak zuek. Literaturari dagokionez, behintzat, hitzak zentzuz eta emozioz jostearena ez da guztiok dugun abilezia. Aste honetan irakurri dut adimen artifizialarekin idatzitako hainbat eta hainbat liburu ari direla kaleratzen, eta plataforma handiek ere mugak jarri behar izan dizkietela auto-argitalpen horiei. Oso onak izan daitezke, baina eskua jokatuko nuke orri zuriaren aurrean zintzotasunez sortzen duen horrek jartzen duen besteko arimarik ez duela makinaren agindupeko lanak", esan zuen Azkoitiak.  

Alkateak berretsi zuen "gero eta zailagoa" dela errealitatea sortzea eta informazioaren benetakotasuna frogatzea. "Orain arte bagenekien fikzioa eta errealitatea banatzen, informazio iturri sinesgarriak bilatzen, egia eta gezurra ezberdintzen. Orain, kaosa gailendu da. Sare sozialek eta adimen artifizialak dituzten onura guztiekin, arriskuak ere badituzte". Testuinguru horretan, gizon-emakumeek beren "sormenarekin teklaz tekla idatzitako testuak" aldarrikatu zituen hark. "Kopiarik onenak ere galdu egiten du ikasketa automatikoaren algoritmoarekin sortuta dagoela jakiten dugunean, baina ez badugu jakiten, auskalo. Latza da XXI. mendean gizakiaren hitza, gizakiaren eskua, gizakiaren presentzia aldarrikatu behar izatea. Nik ez dut robot batekin dantza egin nahi, ezta makinak emozioak hornitzen asmatzen badu ere. Nik zuen hitza, eskua eta presentzia sumatu nahi ditut irakurtzen dudan orrialde bakoitzean, eta neuk sentitu, interpretatu, irudikatu zuen sormenak eragiten didana. Nik hezur-haragizko idazleak eta irakurleak nahi ditut". Hitz horiek esatearekin bat, alkateak euskarazko literaturaren defentsa egin eta emakumeak "literaturan eta artean bete duen papera" nabarmendu zuen.

Sarituak, gustura

Hiru sarituak pozarren agertu ziren atzo udaletxean. Ariznabarretak berezko umorearekin josi zituen hitzak. Andoaindarrak lehen aldiz parte hartu du aurten Bizenta Mogel lehiaketan, eta esan zuen "asmatu" egin duela idatzi duen lanarekin. "Idaztea ez da gure ogibidea. Irakurtzea gustatzen zaigun bezala, idaztea ere atsegin dugu, eta gainera, askotan terapeutikoa izaten da. Lanean gauzak korapilatzen direnean, egoera inspiratzaileak sortzen dira, kontatzeko beharra sortzen da, eta halakoetan, ipuin lehiaketak akuilu lana egiten du". Ekitaldian ez zituen bere lanari buruzko zertzeladak kontatu, baina bai kantatu; izan ere, Ariznabarretak bost bertso abestu zituen: "Bihotz bihotzez kantatu nahi dut, bejondeizula Bizenta", esanez agurtu zituen hark herritarrak. 

Plazak ere agerian utzi zuen bere poza. Lehiaketari eta haren bueltan murgildu ohi diren erakundeei eta lagunei zuzendutako zenbait hitz egin zituen hark: "Bizenta Mogel lehiaketak 44 urte bete ditu aurten. Atzera begiratuta, ikusten da bide luzea eta oparoa izan duela, baina bizitzan atzera begiratu beharrean, aurrera begiratu behar da. Espero dut beste 44 urtetan ere lehiaketa hau egingo dela".

Legarrak "kristoren poza" hartu du aurten ere saria eskuratuta. Aurrez lehen eta bigarren sariak irabazitakoa da hura, eta aurten hirugarrena eman diote. "Urtero parte hartzen dut lehiaketa honetan, eta espero dut urtero idazten jarraitzea. Urtean zehar zenbait gauza gertatzen dira, eta ederra da emozioak-eta kanpora atera eta paperean jasotzeko aukera izatea. Zentzu horretan, lehiaketa honek pribatutasunetik kontatzeko espazioa eskaintzen du". Aurten, Senegalgo kontuak jaso ditu Legarrak bere lanean. Iaz han izan zen markinarra, eta bizitako esperientziatik sortu du ipuina. 

Lanen maila, "gorenean"

Aurten, guztira, 34 ipuin aurkeztu dituzte lehiaketara, eta, azken aldietan bezala, Iñigo Antsorregi, Yolanda Larrañaga eta Juan Luis Zabala aritu dira epaimahaikide lanetan. Haiei egokitu zaie, beste behin, ikuspegi kritikoa eta teknikoa oinarri hartuta, lanen balio literarioa neurtzea. Antsorregik hitz egin zuen hiruren izenean, eta hark umoretik egin zuen hitzartzea: "Asko gustatu zait adimen artifizialaren inguruan alkateak egin duen hausnarketa; espero dut ez dugula ikusiko inoiz ChatGPT sarituen zerrendan".

Epaimahaikideak esan zuen harentzat sari banaketa ekitaldia izan ohi dela lehiaketaren "egunik politena", saritutako hiru lanen egileen aurpegiak ezagutzeko eguna izaten baita. "Egileak aurrez aurre aurkitzen ditugu eta zuzenean zoriontzeko aukera izaten dugu". Hiru sarituentzako hitzak ere izan zituen Antsorregik. Hark esan zuen lanen kalitatea "gorenean" mantendu dutela denek: "Idazle bikainak zarete. Gaur saria jaso baduzue, zuen talentuagatik eta zuen dedikazioagatik izan da. Zorionak!".  

Lanak, ikusgai

Udalak 1.600 euro banatu ditu hiru sarituen artean: 700 euro eta oroigarria jaso ditu Ariznabarretak, 500 euro eta oroigarria Plazak, eta 400 euro eta oroigarria Legarrak. Sarituen lanak ere irakurgai daude dagoeneko. Egileen lanen izenburuan klik eginda irakur daitezke denak: Ariznabarretaren Hosto ipuina, Plazaren Kaiolan aske ipuina, eta Legarraren Saint Louis-Somone ipuina. Udalak, gainera, saritutako lanekin liburu bat kaleratu ohi du, eta Vazquez zinegotziak jakinarazi zuen datorren urtean kaleratuko duela erakundeak 2023, 2024, 2025 eta 2026 urteetan saria jasotako ipuinen liburua. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide