Sidenorreko lan gatazka

Langileen batzordearen dimisioa eskatzeko asmoa adierazi dute UGTk, CCOOk eta USOk

Maialen Etxaniz 2026ko otsailaren 27a

Hiru sindikatuen hitzetan, gaur egun Azkoitiko lantokian dagoen "blokeo iraunkorrak" ez die mesederik egiten langileen interesei. Horrenbestez, UGTk, CCOOk eta USOk enpresa batzordearen dimisio osoa proposatuko dute, "hauteskunde sindikal aurreratuen deialdia errazteko eta plantillako langileek egokitzat jotzen duten taldea edo horientazio sindikala berriro erabaki ahal izateko". 

LAB eta ELA sindikatuen agerraldiaren ondotik igorri du komunikatua Sidenorrek gaur eguerdian, eta UGT, CCOO eta USO sindikatuetako ordezkariek ere egin dituzte adierazpenak Sidenorrek Azkoitian duen plantaren egoeraz. Ohar bidez adierazi dute egiten duten balorazioa eta enpresa batzordean proposatuko duten erabakia.

UGTren, CCOOren eta USOren hitzetan, uneotan Azkoitiko enpresa "blokeo iraunkorrean" dago, eta horrek ez dio mesederik egiten langileen interesei. Era berean, nabarmendu dute "blokeo egoera" horrek kalte egiten diola "lantegiaren oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar den egonkortasunari". Horrenbestez, UGTk, CCOOk eta USOk enpresa batzordearen dimisio osoa proposatuko dute, "hauteskunde sindikal aurreratuen deialdia errazteko eta plantillako langileek egokitzat jotzen duten talde edo orientazio sindikala berriro erabaki ahal izateko". 

Nabarmendu dute "alderdikeriak albo batera utzita eta haien konpromisoak lehenetsita" egingo dutela proposamena: "Plantillaren interesak defendatzeko, negoziazioaren alde egiteko funtsezko tresna gisa, eta langileen gehiengoaren borondatea errespetatzen dela bermatzeko".

Azken hilabeteetako egoeraz

Aipatutako hiru sindikatuen arabera, azken hilabeteetan, eta "bereziki azken urte eta erdian", Azkoitiko plantak testuinguru "bereziki konplexua" bizi izan du. "Lan kargarik eza, ERTE baten aplikazioa, neurri osagarrien negoziazioa eta hamabost hilabetez luzatu zen hitzarmen kolektiboaren negoziazio-prozesu luzea" aipatu dituzte horren adierazle.
 
UGT, CCOO eta USOk azaldu dutenez, negoziazio soka horren barruan "azken proposamen bat" lortu zuten, eta erreferenduma egin zen plantillak berak eskatuta, eta gehiengoak aldeko emaitza lortu zuen. Ordea, salatu dute, emaitza hori ez zela onartu enpresa batzordean, "ezta errespetatu ere". Hain zuzen, hiru sindikatuetako ordezkarien arabera, akordiorik lortu ez bada "atzean dagoen batzordearen gehiengoak negoziatzeko borondaterik ez" duelako izan da. ELAk eta LABek ez zuten alde bozkatu. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide