Urolako sei zubi zaharretan barrena ibili dira hainbat lagun

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 23a

Dozena bat lagunek parte hartu zuten irteeran. (Anaitasuna mendi bazkuna)

Zestoa, Iraeta, Aizarnazabal, Oikia eta Zumaia arteko sei zubi zeharkatu zituzten herriko zenbait lagunek Anaitasuna mendi bazkunaren Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoko irteera baliatuta. Datozen bi asteburuetarako ere irteerak ditu antolatuta mendi taldeak. 

Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoaren barruko irteera egin zuten joan den zapatuan hainbat lagunek. Urolako sei zubi zaharretan barrena egin zuten ibilaldia, alegia, Zestoa, Iraeta, Aizarnazabal, Oikia eta Zumaia artean. Aspaldiko partez, eguraldi ederra izan zuten lagun mendizaleek oinezko ibilaldia egiteko, eta gogotik gozatu zuten. 

Bestalde, martxoak 7-8 asteburuan, Pirinioetara egingo dute irteera Anaitasunak. Otsailaren 7rako eta 8rako antolatu zuten irteera ezin izan zuten gauzatu eguraldi txarraren eraginez, eta mendi taldeak martxoko asteburu horretarako prestatu du orain irteera. Hain justu, Canal Roya mendia igoko dute martxoaren 7an, eta hilaren 8an, Peyreguet; txango horiek 10,6 eta 12 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Bi irteerak oinez edo eskiatzen egin ahal izango dituzte partaideek, eta materiala bertan alokatzeko aukera izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Bi eguneko irteerarako izena eman daiteke dagoeneko Internet bidez, honako formulario hau beteta. Aterpetxean afaltzeko, lo egiteko nahiz gosaltzeko aukera izango da, baina bi egunetarako janaria eta edaria norberak eraman beharko du. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, 70 euro. Ostirala izango da izena emateko azken eguna. Irteeran parte hartzeko beharrezkoa da mendian federatuta egotea, eta partaideek federatu txartela eraman beharko dute soinean bi egun horietan. 

Asteburuan, espeleologia

Datorren zapatuan, hilak 28, espeleologia irteera egingo du Anaitasuna mendi bazkunak. Dimako (Bizkaia) Indusi auzoan dagoen Abaro Jentilzubi kobara egingo dute txangoa mendizaleek. Indusi zona karstikora joko du oraingoan herriko mendi taldeak. Dagoeneko itxita du mendi taldeak izena emateko epea. 

Irteerako parte hartzaileak sei zubietako baten gainean. (Anaitasuna mendi bazkuna)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide