Espeleologia irteera antolatu du Anaitasuna mendi bazkunak hileko azken zapaturako

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 12a

Abaro Jentilzubi koban egindako espeleologia txango bat. (inguruabentura.com)

Otsailaren 28an egingo dute bidaia Dimako (Bizkaia) Indusi auzoan dagoen Abaro Jentilzubi kobara. Lau-bost orduko ibilaldia egingo dute. Hilaren 20ra bitartean eman daiteke irteeran parte hartzeko izena.

Anaitasuna mendi bazkunak beste espeleologia irteera bat antolatu du, oraingoa hilaren 28ko, larunbata. Dimako (Bizkaia) Indusi auzoan dagoen Abaro Jentilzubi kobara egingo dute txangoa mendizaleek. Indusi zona karstikora joko du oraingoan, beraz, herriko mendi taldeak.

20 minutuko bide bat eginda, kobaren sarreraraino joko dute mendizaleek, beste kobazulo batzuk bisitatuz eta naturak eskaintzen duen guztiarekin gozatuz. Jentilzubiko arkutik igaro ondoren, Aslor haitzuloa ikusiko dute aurrena, eta aurrerago, Baltzolako koba. Kobaren zeharkaldia arroila-jaitsieren eta espeleologiaren arteko nahasketa da, eta hori hala, bi rappel jaitsiera egiteko aukera eskainiko diete partaideei: bat airetik, hormak ukitu gabe, eta bestea, zenbait eskudel zeharkatuta. Urkiolako Parke Naturaleko galeria handienetako bat aurkituko dute hala mendizaleek: Jentilzubiko arroila handia, formazio multzo txikiz betea. Amaitzeko, katazuloetan-eta sartuko dira Jentilzubiko haitzulotik irten arte.

Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik 08:00etan abiatuko dira Dimara, eta irteera amaitu bezain pronto itzuliko dira Azkoitira; asmoa da koba lau edo bost ordutan zeharkatzea. Mendi taldeak nabarmendu du "zailtasun tekniko altuko ibilaldia" izango dela. Irteerari lotutako zenbait ohar ere eman ditu Anaitasunak: batetik, "ezinbestekoa" da klaustrofobiarik ez izatea, eta bestetik, adingabeek arduradun batekin joan beharko dute.

Izen ematea, zabalik

Mendi taldeak dagoeneko ireki du irteerarako izen-ematea, eta honako lotura honetan dagoen galdetegia bete beharko dute horretarako interesa dutenek; hilaren 20ra arteko epea eman dute horretarako. Mendi bazkunak bazkideek 65 euro ordaindu beharko dute irteeran parte hartu ahal izateko, eta bazkide ez direnek, 75 euro. Prezio horien barruan sartzen dira bidaia, asegurua eta txangoa egiteko beharrezko material guztia. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide