1.420 sinadura bildu dituzte Azkoitian mendiko uren erabiltzaileei eskatu dizkieten neurrien aurka

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 19a

Mendiko errekatxo bat. (Freepik)

Uraren Agentziak baserrietara heltzen den urari dagozkion hainbat neurri betetzeko eskatu die erabiltzaileei, eta horregatik bildu dituzte sinadurak. Egoera horri irtenbide "posible eta bidezko bat eman arte" lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.

Uraren Agentziak mendiko uren erabiltzaileei betetzeko eskatu dizkien neurrien aurka egiteko, 1.420 sinadura bildu dituzte Azkoitian. Eusko Jaurlaritzaren 2017ko agindua aplikatuta, Uraren Agentziak hainbat neurri galdegin dizkie orain mendiko uraren erabiltzaileei, eta beraien "desadostasuna helarazteko", sinadura bilketa abiatu zuten urtarrilean.

Bildu den sinadura kopuruari erreparatuta, Azkoitian sinadura bilketa egiteaz arduratu den lantaldeak adierazi du "agerian" gelditu dela arazo horren aurrean dagoen "interesa eta kezka"; izan ere, asko dira Uraren Agentziak mendiko uren erabiltzaileei eskatzen dizkieten neurriak: uraren kontagailuak erabiltzaileek beraiek jartzea, datuen irakurketak egitea, datuak Ura agentziari bidaltzea, uraren osasun txostena egitea nahiz helaraztea, hodiak edo deposituak apurtuz gero horien konponketez arduratzea eta uraren erabileraren kanona ordaintzea dira, besteak beste.

Sinadurak bildu ondoren, Uraren Agentziara, Azkoitiko Udalera eta Arartekora igorri dituzte horiek, baita egoerari dagokion idatzi bat ere. Une honetan, erakunde horien guztien "erantzunak jaso zain" daudela adierazi dute. "Argi utzi nahi dugu ez garela geldituko egoera honi irtenbide posible eta bidezko bat eman arte. Gure eskubideak defendatuko ditugu; arazo honek erantzun egokia izan dezan, lan egiten jarraituko dugu", esan dute. 

Lantaldeak eskerrak eman nahi izan dizkie dokumentua sinatu duten guztiei. "Eskerrak eman nahi dizkizuegu sinatzera eta babesa adieraztera, saltokietara nahiz azokara, hurbildu zareten guztioi, baita paperak familiakoek edota lagunek sina ditzaten etxeetara eraman dituzuenoi ere". Errezilen lanketa bera ari dira egiten, eta hango lantaldeari ere eskerrak eman nahi izan dizkie jarri duten interesagatik: "Gure egoera berean egonda, eman duten pauso bakoitzaren berri eman digute. Gainera, guk ere beraien bide beretik jarrai dezagun, laguntza eskaini digute une oro", adierazi dute. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) sindikatua ere lantaldearekin harremanetan jarri izana eskertu dute, haiei "laguntza eta lankidetza" eskaini baitiete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide