Errezilen bezala, Azkoitiko hainbat baserritarrek ere sinadura bilketa hasi dute, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko agindua aplikatuta, Uraren Agentziak mendiko uren erabiltzaileei betetzeko eskatu dizkien neurrien aurka. Hain zuzen, baserrietara heltzen den urari dagokionez, honako neurri hauek galdegin dizkie erakundeak, sinadura bilketa hasi duten herritarrek azaldu dutenez: "Uraren kontagailuak geuk jartzea, horien datuen irakurketak egin eta horiek Ura agentziari bidaltzea, uraren osasun txostena egin eta helaraztea, hodiak edo deposituak apurtuz gero horien konponketaz geu arduratzea, uraren erabileraren kanona ordaintzea…".
Hau da, Ura agentziak, mendiko ura erabiltzeagatik hori ordaintzera "behartuko" ditu baserritarrak, hark "bestelako ardura bat bera ere hartu gabe". Era berean, gogoratu dute mendiko ur hori beraien etxeetara eramateko lanak eta mantenuak bizilagun horiek beraiek eginak eta ordainduak direla, eta aurrerantzean ere horrela izango dela adierazi dute.
"Neurri zentzugabe" horren aurrean beren desadostasuna adierazteko, sinadurak biltzeari ekin diote mendiko uraren erabiltzaileek, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte beren atxikimenduak ematera. Bihartik datorren ostiralera —urtarrilak 30—bitartean jasoko dituzte sinadurak, honako leku hauetan: Bego eta Maina mertzeriak, Elosukorta saltokia, Bertatik Berta janari denda, Josune Epelde estetika zentroa, Itziar arrandegia, Eguzki belar denda eta Otzarreta harategia. Horiez gain, igande goizean Martirietako elkartean eta larunbat goizean Berdura Plazan ere sinatzeko aukera egongo da.