Seigarren etapan bakarrik ez, bosgarrenean ere igaroko da Euskal Herriko Itzulia Azkoititik

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 12a

Hainbat txirrindulari, Madariagan behera. (Maddi Txintxurreta)

Apirilaren 10ean eta 11n, bi egunetan igaroko da aurten Euskal Herriko Itzulia Azkoititik. Azken aurreko etapan, Azurki mendatetik iritsiko dira txirrindulariak Azkoitiko lurretan, eta azkenekoan, birritan zeharkatuko dute herria Elosua eta Azkarate mendateak bi aldiz igo eta jaitsi beharko dituzte eta. 

Atzo, asteazkena, Eibarren (Gipuzkoa) aurkeztu zuten txirrindularien 2026ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbide ofiziala. Jakineko kontua da Itzuliaren azken etapan tropela Azkoititik birritan igaroko dela, baino atzo jakinarazi zuten bosgarren etapan ere herria zeharkatuko dutela txirrindulariek.

Apirilaren 10ean jokatuko duten bosgarren etapa izango da aurtengo aldiko garrantzitsuena –hura izendatu dute etapa erreginatzat–. Eibarren hasi eta Eibarren amaituko da lasterketa, eta bidean 176,2 kilometroko eta 3.841 metroko malda positiboa egin beharko dute. Egun horretan, Azurki mendatea (1. maila) igo beharko dute txirrindulariek, eta Madariagatik barrena, Azkarate mendatea jaitsi beharko dute. Handik iritsiko da tropela Azkoitiko herrigunera, eta saihesbidea baliatuta, Azpeitia aldera joko dute. 

Hurrengo egunean jokatuko dute probaren azken etapa, seigarrena. Antzuolan (Gipuzkoa) hasi eta Bergaran (Gipuzkoa) amaituko dute txirrindulariek 133,7 kilometroko etapa; 3.000 metroko malda positiboari egin beharko diote aurre kirolariek; guztira, sei mendate igo beharko dituzte: Asentzio (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Asentzio (2. maila). Hori hala, birritan igaroko dira txirrindulariak Elosutik, Azkaratetik eta herrigunetik. 

Hona hemen bi etapen profilak: 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide