Azkoititik birritan igaroko dira txirrindulariak Euskal Herriko Itzuliaren datorren urteko azken etapan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 19a

Txirrindulariak, aurten, Madariagan behera. (Maddi Txintxurreta)

Gorla eta Azkarate mendateak birritan igo beharko dituzte kirolariek 2026ko apirilaren 11n, larunbatez, jokatuko den proban. Bi mendateak lotzeko Altzibarko saihesbidetik igaroko dira. Antzuolan (Gipuzkoa) hasi eta Bergaran (Gipuzkoa) amaituko da Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etapa. 

2026ko Euskal Herriaren Itzuliaren seigarren eta azken etapan birritan igaroko dira txirrindulariak Azkoititik. Hain zuzen, bi aldiz igo eta jaitsi beharko dituzte Gorla eta Azkarate mendateak kirolari profesionalek. Antolakuntzak atzo, asteartea, eman zuen hurrengo urteko probaren azken etaparen berri Bergaran (Gipuzkoa) egindako aurkezpenan.

Antzuolan (Gipuzkoa) hasi eta Bergaran (Gipuzkoa) amaituko da 133,7 kilometro izango dituen azken etapa. Guztira, 3.000 metroko malda positiboari aurre egin beharko diote txirrindulariek 2026ko apirilaren 11n, larunbatez, jokatuko den proban.

Zirkuitu itxurako ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek probaren azken egunean; izan ere, sei mendate igo beharko dituzte kirolariek. Hurrenez hurren, honako hauek dira aurre egin beharreko gainak: Asentzio (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Gorla (2. maila), Azkarate (3. maila), Asentzio (2. maila). Lasterketa Bergarako Matxiategi kalean amaituko da. 

Hona hemen etaparen profila: 

Seigarren eta azken etaparen profilaren irudia. (Itzulia)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide