Pilota goxoko Gipuzkoako Txapelketa berria antolatu du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF), eta izen ematea itxita, hil honen 21-22 asteburuan ekingo diote lehiari. Guztira, hamar taldek eman dute izena, eta tartean badira Azkoitiko ordezkariak ere. Gipuzkoako lau pilotalekutan jokatuko dute txapelketaren lehen fasea, eta martxoak 7-8 asteburuan lehiatuko dituzte Kontzejupeko partidak.
Azkoitian jokatuko dutena txapelketaren lehen faseko txapelketatxoetako bat izango da; izan ere, beste bana jokatuko dituzte Donostiako Antiguan (otsailak 21-22), Zizurkilgo zimitorioan (martxoak 28-29) eta Oiartzungo Kontzejupean (apirilak 18-19). Larunbatetan ligaxkako partidak jokatuko dituzte, eta igandeetan, finalerdiak nahiz finala; partida guztiak goizez izango dira.
Herriz herri jokatuko dituzten txapelketatxo horietan puntuak banatuko banatuko ditu federazioak: lehen sailkatuak 25 puntu pilatuko ditu; 20 puntu jasoko ditu bigarren sailkatuak; hamazazpi bilduko ditu hirugarrenak; hamabost laugarrenak; eta hamabina eskuratuko dituzte txapelketan parte hartzen duten gainerakoek. Lau herrietako txapelketak aintzat hartuta puntu gehien lortzen dituzten lau talde sailkatuko dira bigarren eta azken fasera. Maiatzean jokatuko dute, baina federazioak oraindik zehazteko ditu eguna eta egoitza.
Hona hemen izena eman duten taldeen zerrenda:
- Aranburu-Iparragirre
- Arrieta-Gorostidi
- Badiola-Garate-Epelde
- Bergara-Flores
- Elustondo-Murgiondo-Gesalaga
- Irisarri-Otaño
- Larrea-Gartzia
- Osoro-Ubarretxena
- Urbieta-Karrera
- Zubizarreta-Larrañaga-Garate