Zonaldeko eskolarteko karate probak jokatu dituzte goizean Elkargunean

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 1a

Saioan parte hartu duten karatekak eta erakundeetako ordezkariak, Elkargunean. (Azkoitiko Udala)

Benjaminen, kimuen eta haurren mailako neska-mutilak aritu dira kumite eta kata modalitateetan beren abileziak erakusten. Gaur, gainera, berriki zendu den Rita Juaristi gogoan izan dute. 

Gipuzkoako Karate Federazioak antolatuta, zonaldeko eskolarteko karate probak jokatu dituzte gaur, igandea, Elkarguneko kantxa nagusian. Azkoitiko eta inguruko zenbait herritatako karateka txikienak eta haien irakasleak elkartu dira han, eta maila dotorea erakutsi dute guztiek. Benjaminen, kimuen eta haurren mailako neska-mutilak aritu dira kumite eta kata modalitateetan beren abileziak erakusten. 

Goizeko saioan, gainera, berriki zendu den Rita Juaristi gogoan izan dute. Duela egun gutxi hil zen urte luzez Juan Murillorekin batera Anaitasuna Kanku karate eskolaren gidari izan zen azkoitiarra. Minutuko isilunea egin dute Juaristi zenaren alde, eta bidez batez, karatearen eta eskola kirolaren alde egindako lan guztia aitortu diote hari. Ekitaldian parte hartu dute Gipuzkoako Karate Federazioko ordezkariek, Ana Azkoitia alkateak, Igor Isuskiza Kirol zinegotziak eta EH Bilduko Asier Altunak nahiz Nagore Orbeak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide