Gema Lopezek itzulitako 'Barazkijalea' liburuaz egingo du Irakurle Taldeak hurrengo solasaldia

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 30a

Gema Lopez itzultzailea. (Arnaitz Rubio)

Martxoaren 17an, asteartez, Elkarguneko Oteiza aretoan egingo dute solasaldia. 2024an Nobel saria jaso zuen Han Kang idazle korearrak ondutako eta Gema Lopez itzultzaile azkoitiarrak itzulitako Barazkijalea liburuaz arituko dira orduan.

Azkoitiko Irakurle Taldeak herenegun, asteazkena, egin zuen 2026. urteko lehen saioa; Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen liburuaz hausnartu zuten orduan, eta, era berean, egun horretan erabaki zuten zein libururi buruz egingo duten hurrengo solasaldia: Han Kang idazle korearrak idatzitako eta Gema Lopez azkoitiarrak itzulitako Barazkijalea liburua hautatu dute Irakurle Taldekoek. Martxoaren 17an, asteartez, Elkarguneko Oteiza aretoan bilduko dira (19:00). 

Itzultzaile azkoitiarrak itzulitako liburuak Yeonghye emazte zintzo eta apalaz dihardu. Hark, amesgaizto batzuen ondorioz, haragia jateari utzi dio bat-batean, familia osoaren atsekaberako. Hortik abiatuta, hainbat ekintza eta erabaki kateatuko dira istorioan, Yeonghye bere ingurutik gero eta gehiago bakartuko dutenak eta gizartearen bortizkeria gero eta ageriago utziko dutenak.

Protagonistaren senarrak, koinatuak eta ahizpak kontatuak diren hiru istoriok osatzen dute Barazkijalea eleberria, zein baino zein harrigarriagoak eta liluragarriagoak. Gainera, hainbat gairi buruz pentsarazten laguntzen du liburuak, hala nola patriarkatuaren egituraz, erotismoaren misterioaz, erotasunaren mugaz, eta gizakiak animaliengandik zein landareengandik bereizten edota haiekiko batzen dituzten bizierez.

Iaz, saria

Lopez itzultzaileak Jokin Zaitegi itzulpengintza lehiaketa irabazi zuen iazko urtarrilean. AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak literaturako Nobel saridunen lanak euskaratzeko Arrasateko Udalarekin eta Laboral Kutxarekin batera antolatutako lehiaketa da Jokin Zaitegiren izena daramana. Lehiaketa irabazita, azkoitiarrak Suediako Akademiaren bidez 2024an Nobel saria jaso zuen Han Kang idazle korearraren Barazkijalea euskaratzeko aukera izan du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide