Azkoitia Gukaren webguneak ia 2,5 milioi bisita izan ditu 2025ean

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 4a

Herritar bat sakelako telefonoa eskuetan duela. (Guka)

Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 2.436.517 bisita izan ditu Gukaren webgune honek, egunean 6.675 bisita hain zuzen, 2024an izan zituenak baino %16 gehiago. Horietako gehienak, %84, eskuko telefonoetatik egin dituzte herritarrek. Gukak, berriz, egunean batez beste hamar eduki argitaratu ditu atari honetan.

2026a estreinatu berri, garai aproposa da 2025ak eman duenaz jabetzeko, eta esan daiteke, beste urte batez, albisterik behintzat ez dela falta izan herrian. Era guztietakoak izan dira, batzuk onak eta besteak txarrak, eta horien guztien berri herritarrei ahalik eta modu zintzoenean ematea izan da Gukaren ahalegina –hemen ikus daitezke iazko albiste irakurrienak–. Idatziz zein bideoz albiste, erreportaje eta elkarrizketa ugari ondu ditu Gukak 2025an ere; hain zuzen ere, Azkoitia Gukaren atari  honetan 3.581 eduki argitaratu ditu urtebetean; egunean, batez beste, hamar eduki.

2025ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 2.436.517 bisita izan ditu webgune honek, edo gauza bera dena, egunean batez beste 6.675 bisita, Google Analytics neurgailua oinarri hartuta Behategiak egindako zenbaketaren arabera. Bisita kopuruan hazkunde esanguratsua erakusten dute datu horiek, urtebetean %16ko hazkundea hain justu, 2024an 2.102.178 bisita izan baitzituen webgune honek.

Azken urteetako joerari eutsita, 2025an ere herritarrak batez ere eskuko telefonotik sartu dira Azkoitia Gukaren webgunera; hala egin dituzte bisiten %84.

Webgune honen datuak ez ezik, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainontzeko hedabide digitalenak ere oso onak izan dira iragan berri den urtean. Taldearen sei webguneek –Azkoitia Guka, Azpeitia Guka, Orio Guka, Zarautz Guka, Zumaia Guka eta Guka–, guztira, 10.757.687 bisita izan dituzte, eta horrela, aise hobetu dituzte aurreko urteetako zenbakiak. Izan ere, 2024an, denera, 9.942.528 bisita izan zituzten taldearen webguneek, eta 2025ean, ia milioi bat bisita gehiago pilatu dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide