Azkoitiko Udaleko Kultura sailak otsailean Baztartxon izango diren kultur hitzorduen berri eman du. Otsailaren 7an, haurrentzako Laika antzezlana izango da; otsailaren 21ean, Go!azen 12 kontzertua; eta otsailaren 28an, Renata antzezlana. Aurretik jakinarazia zuen erakundeak urtarrilean Trajea nahiz Nor naizen baneki antzezlanak eta Olaia Inziarteren kontzertua izango direla Baztartxon. Hori hala, sei ikuskizun izango dituzte aukeran herritarrek urte berriaren aurreneko bi hilabeteetan.
Otsaila familientzako Laika antzezlanak zabalduko du Baztartxon; otsailaren 7an, 17:00etan emango dute obra hori. Familientzako ikuskizun onenaren Max saria jaso zuen Laika antzezlanak 2021. urtean. Lehen astronauta izan zen Laika txakurtxoan oinarrituta ondu du ikuskizuna Xirriquitela Teatre konpainiak. Modu ikusgarrian kontatzen du obrak espaziorako bidaian jazo zen gertakari historikoa, gehiegikeria izan zen gertakaria. 1957. urtean eta Moskun kokatuko dute antzezlana, Gerra Hotzaren garaian eta espaziora aurrena iristeko lasterketa betean. Laika txakurtxoa Moskuko kaleetan bizi da, baina hark ez du pentsatzen Sputnik ll delakoaren barruan espaziora iritsiko denik, ezta gizateriaren historiara pasatuko denik ere. Lurraren inguruan orbitatzen duen lehen izaki biziduna bihurtu zen Laika, baita beste batzuen botere borroken biktima ere.
Xirriquiteula Teatrek askotariko teknikak erabiltzen ditu ikuskizun horretan, hala nola erretroproiekzio animatuak, txotxongiloak, automatak, itzalak... Nola ez, aktore lana ere nabarmentzekoa da, errusiera bitxian hitz egiten dute-eta pertsonaiek. Hori guztia, eszena bakoitza babesteko neurrira sortutako soinu bandak jantziko du, diziplina anitzeko lan delikatua da-eta Laika.
Otsailaren 21ean, berriz, Go!azen 12 kontzertua izango da herriko antzokian; 16:00etan eta 18:30ean, birritan eskainiko dute ikuskizuna ETB1eko telesail entzutetsuko pertsonaiek. Maitanek ideia bat garatuko du: Basakabi "bigarren aukeren udalekua" bilakatzea. Dena den, Garaziri ez diote haren asmoen berri emango, eta Basakabi arazoak dituzten gaztez beteko. Hortik aurrera, uda zaila biziko dute bi lagunek. Hara iritsi berriak diren gazteek iskanbilak sortuko dituzte, eta gainera, egoera zailduko du Kuxkuxerok: ikasle guztien inguruko informazioa zabalduko du hark sare sozialetan. Ohi bezala, musika, dantza eta abestien uztarketatik prestatutako lana aurkeztuko dute Go!azen telesaileko aktoreek. Emanaldi horri lotuta, ikusle fotosentikorrentzako oharra ere zabaldu dute; izan ere, eszena batzuetan argi kliskatzaileak edo formadunak erabiliko dituzte, besteak beste, argi estroboskopikoak, patroi errepikakorrak eta distira aldaketa azkarrak. Horiek ikusle fotosentikorrengan eragina izan dezaketela ohartarazi dute antolatzaileek.
Otsaila ixteko, berriz, Kamikaz Kolektiboak Renata antzezlana aurkeztuko du Baztartxon (19:00). Azken orduko albiste batekin zabalduko dute obra: Renata berpiztu da. Renata 133. aldiz hil da, marrazoz betetako igerilekura salto egin eta bururik gabe geratu denean. Ordea, berehala berpiztuko da hura; izan ere, Renata etengabe hiltzen eta pizten da, eskuartean hil ala biziko misio bat baitu hark: pantailen artean desitxuratzen ari den sistema aldrebes baten erdian, nola bizi den ahaztu duen jendartea esnatzen saiatuko da protagonista.
Sarrerak salgai
Bai urtarrileko, bai otsaileko kultur hitzorduetarako sarrerak Entradium atarian eros daitezke. Helduen Trajea, Nor naizen baneki eta Renata antzezlanetarako sarrerak 8 eta 12 euro artean eskuratu daitezke; Olaia Inziarteren kontzerturako sarrerak, 12 eta 15 euro artean; haurrentzako Laika antzezlana ikusteko sarrerak, 3 eta 5 euro artean; eta 10 euro balio dute Go!azen 12 kontzerturako sarrerek.