Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen emanaldia, Ruper Ordorika musikariaren kontzertua, eta Trajea nahiz Nor naizen baneki antzezlanak. Kultur eskaintza horixe izango dute aukeran azkoitiarrek abenduan eta urtarrilean zehar. Azkoitiko Udaleko Kultura sailak gaur, asteartea, eman du emanaldi horien guztien berri.
Baztartxoko oholtza zapaltzen aurrenak Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoak izango dira. Abenduaren 20an, larunbatez, girotuko dute herriko antzokia lagun horiek guztiek. Bi emanaldi eskainiko dituzte, ohi bezala: aurreneko saioa 16:00etan hasiko da, eta bigarrena, 18:30ean. Pailazoen Katxiporreta kooperatibak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarrekin sortu duten Zerua lapurtu dute ikuskizuna eskainiko dute Azkoitian.
Pailazoek zerua eremu natural eta kultura ondare gisa aldarrikatuko dute Baztartxon; izan ere, pailazoak zerura begira daudela, belztasun handi bat besterik ez dute ikusiko haiek. Orduan izarren bila abiatzea erabakiko dute guztiek, norbaitek lapurtu ote dituen jakiteko. Hain justu, Zerua lapurtu dute ipuinean eta diskoan dago oinarrituta pailazoen ikuskizun berria; Leire Bilbao da ipuinaren egilea, Karmele Gorroñok ondu ditu orrietako ilustrazioak eta Xabier Zabalak diskorako abestiak.
Ordorika, abenduaren 27an
Euskal musikagintzako erreferente handienetako bat den Ruper Ordorikak, bestalde, pailazoen emanalditik astebetera, abenduaren 27an, eskainiko du kontzertua Baztartxon (19:00). Oñatiko musikariak Lurra ikutu barik (Elkar, 2025) azken diskoa aurkeztuko du Baztartxoko ikus-entzuleen aurrean.
Oñatiarraren azken lanak bere izaera propioa eta esperimentaziorako grina uztartzen ditu, soinu garbi eta biluzi baten bitartez. 11 abesti bildu ditu diskoan, egunerokoaren hausnarketa poetikoak eta denboraren joanaren inguruko gogoetak tartekatuz. Disko horretako Garai batean, Bada leku bat eta Joan zen uda bezalako piezak dira, esaterako, Ordorikaren konposizio helduaren eta zintzoaren adibiderik garbienak. Leo Abrahams musikari eta ekoizle britainiarraren laguntzaz grabatu du diskoa oñatiarrak, eta ohiko kideak izan ditu hark alboan: Jon Thorne kontrabaxuan, Kenny Wollesen perkusioan eta Arkaitz Miner biolinarekin zein mandolinarekin.
1980an Bernardo Atxagaren testuekin kaleratu zuen Hautsi da anphora diskoaren ondotik, hogei disko baino gehiago atera ditu Ordorikak. Azken albumeko abestiak aurkezteko, Mugalariak taldearekin joko du hark. Taldeko kide dira Miner –gitarra, biolina eta mandolina–, Lutxo Neira –baxua–, Hasier Oleaga –bateria–, Eduardo Lazaga –perkusioa– eta Nando de la Casa –perkusioa eta teklatuak–. Guztien artean giro intimo eta atmosferiko bat sortuko dute, Ordorikaren ahots bereizgarriak gidatuta.
Urtarrilean, antzezlanak
Urte berriaren aurreneko hilabeterako, bestalde, bi antzezlan lotu ditu udalak Baztartxon aurkezteko. Urtarrilaren 17an izango da lehen emanaldia, eta orduan Trajea antzezlana eskainiko du Txalo Produkzioak konpainiak. Bigarren hitzordua, bestalde, urtarrilaren 24an izango da; Artedrama eta Axut! konpainiek Nor naizen baneki lana taularatuko dute. Bi emanaldiak 19:00etan hasiko dira.
Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira Trajea antzezlaneko protagonistak. Bi lagun horiek komedia "bizkorra, korapilatua, itogarria eta barregarria" eskainiko dute Azkoitian. Beherapenen lehen eguna izanik, jende andana sartuko da saltoki handi batean, eta ezustean istripu bat gertatuko da. Hori ikusita, bi pertsonaiek zer arriskuren aurrean dauden begiratu beharko dute.
Nor naizen baneki obran, berriz, Ramon Agirrek, Garoa Bugallok, Maialen Diazek eta Aline Etxeberrik osatuko dute aktore taldea. Lagun horiek guztiek antzoki batean egindako indusketa arkeologikoaren bueltako kontakizuna aurkeztuko dute. Arkeologoek eta adituek geruzaz geruza aztertuko dute antzokiaren historia sekretua, erromatarren garaitik gaur egunera artekoa, hain zuzen. Ordea, haiek ez dute soilik lurra ikertuko: pertsonaiak ere barne bilaketa baten xede izango dituzte. Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs dira obraren egileak, eta, hain justu, azken hori da zuzendaria.
Sarrerak, bihar eskuragarri
Udalak iragarritako ekitaldi guztietarako sarrerak eskuragarri egongo dira bihartik aurrera; 10:00etan jarriko dituzte salgai, eta ohi bezala, Entradium atariaren bidez eskainiko dute horretarako aukera. Erakundeak oraingoz ez du jakinarazi emanaldi horiek ikusteko sarreren prezioa zenbatekoa den; bihar jakingo da sarrerak salgai jartzean.