Urola Erdiko sei udalerriek –Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Aizarnazabal– Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpaina aurkeztu zuten hil honen 18an, herritarrak eskualdeko erronka sozialez eta ingurumen erronkez hausnartzera bultzatzeko xedez. Klima aldaketak herritar guztiei eragiten diela eta, begirada "integrala" txertatu nahi izan dute kanpainan. Urola Erdiko herritarrek egunerokoan hartzen dituzten erabakiek etorkizunean zer eragin izan dezaketen azaleratu nahi dute kanpainarekin; hau da, herritarrak ispiluaren aurrean jarri nahi izan dituzte.
Hainbat modutara ari dira kanpaina zabaltzen: batetik, panelak jarri dituzte ikusgai herrietan, eta bestetik, eskuorriak banatu dituzte etxez etxe. Dena den, umore kutsuko hainbat spot kaleratzea ere bazen Urola Erdiko udalerrien asmoa, eta dagoeneko kaleratu dute lehena. Aizarnazabalen dago kokatuta aurreneko spota, eta bertan ageri dira Xanti Agirrezabala, Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreak. Elkarbizitza lehenesteko mezua zabaldu du lehen spotak, ikus-entzunezkoak erakusten baitu herritarrek autoa ingurugiroa baino hobeto zaintzen dutela. Izan ere, Agirrezabala eta Laskurain herritarrak autoarekin joan dira kafea hartzera taberna atariraino, eta Gojenola zerbitzariak auto barrura zerbitzatu die kafea.
Kanpainarako edukiak sortzeko bost ardatz hartu dituzte aintzat: energia eta klima; mugikortasuna; lehen sektorea eta tokiko ekonomia; paisaia eta biodibertsitatea; eta eguneroko erabakiak nahiz komunitatea.