Jasangarritasuna sustatzeko eta klima aldaketaz hausnartzeko kanpaina jarri dute martxan Urola Erdiko udalerriek

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 18a

Klima eta Energia Mahaiko ordezkariak atzo, Azpeitiko Azoka Plazako aretoan. (Julene Frantzesena)

Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpaina jarri dute martxan, herritarrak eskualdeko erronka sozialez eta ingurumen erronkez hausnartzera bultzatzeko. Urola Erdiko sei udalerrietan panelak jarriko dituzte eta etxez etxe eskuorriak banatu; gainera, aurrerago, umore ukitudun spotak kaleratuko dituzte. Kanpainaren sorburua Iraurgi Berritzenen Klima eta Energia Mahaia da.

Urola Erdiko sei udalerriek –Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Aizarnazabal– Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpaina jarri dute martxan, herritarrak eskualdeko erronka sozialez eta ingurumen erronkez hausnartzera bultzatzeko xedez. Hain zuzen ere, herritarrek egunerokoan hartzen dituzten erabakiek etorkizuneko Urola Erdian izango duten eragina azaleratu nahi izan dute kanpainarekin; hau da, herritarrak ispiluaren aurrean jarri nahi izan dituzte.

Klima aldaketak-eta herritar denei eragiten diela eta, begirada "integrala" txertatu dute kanpainan. Hain zuzen ere, bost ardatz txertatu dituzte kanpainaren edukiak: energia eta klima; mugikortasuna; lehen sektorea eta tokiko ekonomia; paisaia eta biodibertsitatea; eta eguneroko erabakiak eta komunitatea.

Gai horiez hausnarketa eragiteko, hainbat ekintza egingo dituzte. Batetik, herri bakoitzean sei panel jarriko dituzte: horietan eskualdeko hainbat lekuren irudiak nahiz hemendik urte batzuetara leku horiek izan dezaketen balizko itxuraren irudiak jarri dituzte –adimen artifizialarekin sortuak–. Horrez gain, etxez etxe eskuorriak banatuko dituzte, eta aurrerago –data zehatzik ez dute jakinarazi– umore kutsudun spotak kaleratuko dituzte.

Iraurgi Berritzenek martxan jarritako Klima eta Energia Mahaia da kanpainaren sorburua. Urteak dira Urola Erdiko sei udalek, Urola Erdiko Mankomunitateak, Laien sozietateak eta Urkomek gaiari heldu ziotela, eta egindako lana herriratzen hastea erabaki dute. Izan ere, erakunde horiek hainbat lanketa egin dituzte, besteak beste, energiari eta klimari, mugikortasun jasangarriari lehen sektoreari, paisaiari nahiz biodibertsitateari lotuta.

Ispiluaren aurrean jartzeko garaia

Joanes Amenabar Lapatx sozietateko presidente eta Azpeitiko Udaleko zinegotziak azaldu duenez, urteotan hainbat azterketa eta lanketa egin dituzte udalek eta erakundeek, baita diagnostikoak ere, eta ondorio batera iritsi dira: "Ingurumen larrialdian gaude eta zerbait egin behar da. Planeta ez dugu konponduko, baina galderei erantzuten hasteko garaia da, ispiluaren aurrean jartzekoa".

Elhuyar ahokularitza enpresaren laguntza izan dute kanpaina sortzerakoan, eta Aitziber Agirre zuzendariak azaldu duenez, zientziaren erronka nagusiena dira klima aldaketa, eta zientziak lagun dezake horri aurre egiten. Haren hitzetan, bi hamarkada ditu gizarteak CO2 isuriak eteteko, eta horrek "eraldaketa handia" eskatzen duela ohartarazi zuen.

Urola Erdian egindako lanketetatik eta diagnostikoetatik datuak erauzi dituztela eta datuok eskualdeko herritarren bizimoduaz hitz egiten dutela azaldu zuen. Beraz, kanpainaren helburua da datu horiek herritarrei parez pare jartzea, hausnarketara bultzatzeko eta aldaketa gauzatzen hasteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide