Gabon gaueko eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko Itaiak

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 25a

Hainbat lagun, Euskal Herriko azken erailketa matxista salatzeko Urola Erdiko Itaiak Azkoitian deitu zuen mobilizazioan. (Utzitakoa)

Asteazken gauean gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak emakume bati eraso egiteagatik, eta erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Itaiak.

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo, Gabon gauez, Azkoitian, kalean oinez zihoan emakume bati eraso egiteagatik, eta gertatutakoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du gaurko Urola Erdiko Itaiak. 19:30ean izango da mobilizazioa, Azkoitiko plazan, Eraso matxistei aurre egin! lelopean.

Antolakunde horrek babesa adierazi dio erasoa jasan zuenari eta haren gertukoei. Halaber, egoeraren larritasuna azpimarratu du, iaz erregistratutako salaketen aldean, 2025ean %87,5 egin baitute gora eraso matxisten salaketak Urola Erdian. Aurten, guztira, 66 eraso matxista salatu dituztela jakinarazi du Itaiak.

"Gauzak horrela, ezinbestekoa iruditzen zaigu eraso ororen aurrean erantzun irmoak ematea", nabarmendu du. Hori dela eta, herritarrei dei egin die parte har dezaten gaur arratsalderako deitu duen elkarretaratzean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide