Gizon bat atxilotu dute Azkoitian, emakume bati eraso egiteagatik

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 25a

Bi herritarrek erasotzailea atzematen lagundu zuten, eta Poliziak ertzain-etxera eraman zuen, sexu askatasunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita.

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo, Gabon gauez, Azkoitian, kalean oinez zihoan emakume bati eraso egiteagatik. Epailearen esku utzi arte, komisarian egongo da gizonezkoa.

Asteazkeneko 22:52ak aldera, gizonezko batek eraso egin zion GI-631 errepidearen ondoan oinez zihoan 49 urteko emakume bati, Azkoitia parean. Buru-berokia jantzita zuela, emakumea lurrera bota zuen, sexu erasoa egiteko asmoz, Ertzaintzak gaur jakinarazi duenez.

Andrazkoak oihu egin eta laguntza eskatu ahal izan zuen, eta berehala harengana gerturatu ziren hainbat pertsona. Gizonezkoak bizikletaz ihes egin zuen, baina atzetik kotxez jarraika zituen bi herritarrek geldiarazi zuten, Loiolako basilikatik gertu. Herritarrek 60 urteko erasotzailea atxiki zuten Ertzaintzako agenteak iritsi ziren arte, eta poliziek komisaldegira eraman zuten.

Epailearen esku utzi arte, ertzain-etxean egongo da gizonezkoa, sexu askatasunaren aurkako ustezko delitu bat egiteagatik. Emakumezkoa, aldiz, ospitalera eraman zuten zauriak artatzera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide