Ikusgai da parrokiako jaiotza

Usua Garin 2025eko abenduaren 21a

Parrokiako Taldeak Israel Gazan egiten ari den sarraskia gogoan izan du aurtengo jaiotza atontzerako orduan. Urtarrilaren 6ra arte egongo da ikusgai, eta Gabon garaian egunero zabalduko dute parrokia.

Dagoeneko ikusgai dago Azkoitiko parrokiako jaiotza. Atzo arratsaldeko elizkizunaren ondoren inauguratu eta bedeinkatu zuten Parrokiako Taldeak aurtengo Gabonetarako atondu duen jaiotza, eta haurren eta familien parte hartzearekin gauzatu zuten irekiera ekitaldi hori.

Jaiotzetan ohikoak diren pertsonaiez eta paisaiez gain, beste hamaika xehetasun ere baditu Azkoitikoak; besteak beste, ur jauziak, herriko abesbatza, ibaia eta San Martingo eliza ere agertzen dira. Aurtengoan Gazari keinu egin nahi izan diote, gainera, eta sarraskia irudikatu dute jaiotzan bertan.

Gabonetan egunero zabalduko dituzte parrokiako ateak; beraz, urtarrilaren 6ra bitartean, herritarrek nahi dutenean izango dute jaiotza bertatik bertara ikusteko aukera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide