Floreagako hirugarren igogailua martxan da gaurtik. Udalak jakinarazi duenez, aurrerantzean erabilgarri izango dute gailua auzo horretako lekurik garaienetan bizi diren bizilagunek. Urriaren hasieran iragarri zuen udalak urtea amaitzerako erabiltzeko moduan izango zela igogailua, eta halaxe izango da. Apirilean hasi zituzten igogailuari lotutako eraikuntza lanak, eta zortzi hilabeteren ondoren, amaitu dituzte.
Floreagaberri kalea eta Atanotarren plaza lotuko ditu zabaldu berri duten igogailuak. Sarbidea Floreagaberri kalearen amaieran izango du igogailuak, auzoaren goialdera igotzeko eskailerak hasten diren tokian, hain justu. Floreagaberri kalea eta Atanotarren plaza lotzeaz gain, bi geraleku izango ditu gailuak: bata, Izarraitz kalea 3 zenbakiaren parean, eta bestea, bolatokiaren ondoan, eskailerak amaitzen diren tokian.
Udalak emandako datuen arabera, Floreagako hirugarren igogailua eraikitzeko lanek ia milioi bat euroko aurrekontua izan dute; zehazki, 999.038 eurokoa izan da aurrekontua, BEZa barne. Dena den, erakundeak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren diru laguntza jaso du proiektua finantzatzeko.
Ana Azkoitia alkatea "pozik" agertu da proiektua errealitate bihurtu dela ikusita. "Bizilagunen mugikortasuna eta joan-etorriak errazten ditu igogailuak, eta, batez ere, adinekoena nahiz mugikortasun murriztua duten herritarrena; eskailerak egonik modu autonomoan mugitzeko gai ez diren guztiena, alegia. Irisgarritasuna hobetzeko eskaerak erantzun konprometitua eta irmoa eskatzen zuen; halaxe ulertu genuen hasieratik, eta halaxe egin dugu", esan du alkateak.
Bi fase falta
Floreagako irisgarritasuna hobetzeko planaren barruan eraiki dute auzo horretako hirugarren igogailua. Plan horrek, ordea, bost fase ditu, guztira. Horietako hiru gauzatu ditu udalak lau urtean, bi milioi eta erdi euro baino gehiagoko inbertsioa eginda. 2021eko urriaren bukaeran jarri zuten martxan lehenengo igogailua, eta 2023ko abuztuaz geroztik dago erabilgarri bigarrena.
Auzoko irisgarritasuna hobetzeko proiektua osatzeko, baina, bi fase falta dira oraindik egiteko. Zuazola kalean arranpak egitea da erakundearen asmoetako bat. Proiektuaren hirugarren faseko lanen barruan sartzen zen kale horretan arranpak eraikitzea, baina udalak hirugarren igogailua eraikitzea lehenetsi zuen. Proiektuaren bosgarren eta azken fasean, berriz, Izarraitz eta Aretxabaleta kaleak lotuko dituen igogailua egingo dute.