Azkoitiko udalak apirilean hasi zituen Floreaga auzoan hirugarren igogailua egiteko lanak. Gaur jakinarazi duenez, urtea bukatzerako martxan egongo da Floreagaberri kalea eta Atanotarren plaza lotuko dituen igogailua.
Lanak "oso aurreratuta" daudela esan du erakundeak: "egitura osoa ikus daiteke jada, baita pasabideak ere". Hala ere, lan batzuk egiteko daude oraindik, horien artean, plataforma mugikorra instalatzea, beirazko barandak eta eskudelak jartzea edo argiztapenaren instalazioa egitea.
Igogailurako sarbidea Floreagaberri kalearen amaieran dago, auzoaren goialdera igotzeko eskailerak hasten diren tokian. Bi geraleku ditu: bata, Izarraitz kalea 3 parean, eta bestea, "bolatokiaren" ondoan, eskailerak amaitzen diren tokian.
Udalaren arabera, lan hauen aurrekontua 999.038 eurokoa da BEZa barne. Udalak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza jaso du finantzatzeko.
Bost fase
Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko obrak bost fase ditu, eta dagoeneko lehen biak bukatuta ditu Azkoitiko Udalak. Hain zuzen, hirugarrena ari da egiten orain erakundea.
2021eko urriaren bukaeran jarri zuten martxan lehenengo igogailua, eta bigarrena, berriz, 2023ko abuztuaz geroztik dago erabilgarri. Hirugarrena jartzeko lanak, berriz, urtarrilera arteko epean bukatu beharko ditu lanak egiten ari den enpresak.