Erreklamazioari ezezkoa emanda, behin betiko onartu ditu udalbatzak datorren urteko ordenantza fiskalak

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 11

Espainiako entitate batek Gipuzkoako eta Bizkaiko udal askotan ordenantza fiskalen gaineko errekurtso orokor bat aurkeztu eta gero, udal zergak eta tasak berriz bozkatzera behartua izan da Azkoitiko Udala ere. Udalbatzak ez du onartu erreklamazioa, eta udal taldeek aurreko udalbatzarrean bozkatutakoak berretsi dituzte. 

Espainiako entitate batek Gipuzkoako eta Bizkaiko udal askotan ordenantza fiskalen gaineko errekurtso orokor bat aurkeztu eta gero, datorren urteko udal zergak eta tasak berriz bozkatzera behartua izan da Azkoitiko Udala ere, eta atzo deitutako ezohiko udalbatzarrean hartu zuen udalbatzak horretarako tartea. 

Dena den, aurkeztutako erreklamazioa ezeztea erabaki zuen udalbatzak, hainbat arrazoirengatik: batetik, hura aurkeztu duena ez dela "interesduna" azaldu zuen Ana Azkoitia alkateak, ez delako ez herritarra, ez herriko bizilaguna. Motibo hori nahikoa luke erakundeak alegazioari bide ez emateko, baina erabakia justifikatzeko orduan, "harago" joan dela adierazi zuen Azkoitiak: "Interesduntzat hartuko bagenu, espedientea eskuragarri izan du kontu-hartzailetzan, eta ez du aztertzeko eskaerarik egin. Bestalde, ez gaude onarpen masibo baten aurrean, eguneraketa orokor baten aurrean baizik. Bere garaian onartutako tributuei KPIak izan duen igoera aplikatu zaie, eta horrek ez du txosten ekonomiko finantzariorik eskatzen. Bestalde, tasa batzuetan ez da igoera orokorra egin, zaborraren tasan esaterako, eta hori ere ondo justifikatua legoke".

Hori horrela, udalaren erantzuna "ondo justifikatuta" dagoelakoan, erreklamazioa ez onartzearen alde egin zuten udal talde guztiek, eta egoeraren gaineko irakurketa plazaratzeko probestu zuten hitzartzea zenbaitek: "Egoera honek erakusten du inondik inora zerikusirik ez dutenek edota bestelako interes batzuk dituztenek nola baldintza dezaketen udalen funtzionamendua", esan zuen Asier Altuna EH Bilduren bozeramaileak.

Udalak emandako arrazoien harira, bestalde, Azkoitia Bairen bozeramaile Jose Joakin Etxanizek azaldu zuen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan KPIa %3a izatea espero dela aurtengo urtearen amaieran, eta udalak tasa eta zerga ia guztiak horren azpitik —%2,5— igotzea erabaki zuela. 

Alegazioei ezezkoa emanda, urriaren 15ean udalak behin-behinean onartu zituen ordenantza fiskalak bere horretan eta banaka bozkatu zituzten berriz atzo, baina oraingoan behin betiko izaera emanez. Udal talde guztiek aurreko udalbatzarrean bozkatutakoak berretsi zituzten: hau da, datorren urtean udal tasa eta zerga nagusiak %2,5 igotzea erabaki zuten aho batez, eta etxebizitza hutsen gaineko errekargua %150 igotzea ere berretsi zuten, udal gobernuaren kontrako botoekin baina oposizioaren gainontzeko aldekoekin. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide