Ordezkari instituzionalak, garraio sektoreko eragileak nahiz laguntzaileak, eta hainbat bizilagun Azkoitiko Zubiaurre Elkargunean batu ziren atzo arratsaldean, asteartea, La Guipuzcoana autobus enpresaren mendeurreneko ekitaldian. Topaketa horretan, 1925ean sortu zen konpainiaren historia jasotzen duen Ehun urteko bidaia liburua aurkeztu zuen Juanjo Olaizola historialariak.
Jose Luis Iraeta La Guipuzcaoan enpresako administratzaileak eman zien ongi-etorria Azkoitiko aretoan bildu zirenei. Hark nabarmendu zuenez, atzoko ekitaldia autobus enpresak "zerbitzu publikoan egindako ehun urteko ahaleginaren eta dedikazioaren aintzatespena da". Halaber, ehun urtetan konpainia sendotu duten belaunaldien lana aintzatetsi zuen Iraetak.
Xabier Euzkitze kazetariak gidatu zuen mendeurreneko topaketa, eta Ana Azkoitia alkateari eman zion hitza. "La Guipuzkoanak etorkizuna erein du –ziurtatu zuen–. Teknologian inbertituz, zerbitzuak etengabe hobetuz, enplegua sortuz, lurraldea kohesionatuz, jasangarritasuna sustatuz. Eta, bide horretan, familia enpresa historiko bihurtu da. Ehun urteko ibilbidea historikoa delako. Eta istorio askokoa. Orain arte bezala, La Guipuzcoanak ez du erronkarik faltako etorkizunari begira".
Azkoitian sortu zen enpresak Gipuzkoako mugikortasunari eta kohesioari egindako ekarpena balioetsi zuen, halaber, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Antolamenduko diputatuak. "Zuen ondarerik handiena ez da Urola Erdia Donostiarekin eta Gipuzkoako gainerako herriakin konektatu izana, pertsonak konektatu izana baizik", esan zien autobus enpresako ordezkariei.
Ekitaldiaren itxieran, bestalde, La Guipuzkoanak etorkizunean izango dituen erronkez mintzatu zen Eider Menduza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Zehazki, nabarmendu zuen enpresa horren zeregina dela mugikortasun jasangarriagorako trantsizioan eta lurraldearen deskarbonizazioan aurrera egitea.
Ehun urteko zerbitzua
Xabier Euzkitzek solasera gonbidatu zituen Jose Luis Iraeta eta Juanjo Olaizola historialaria, eta azken horrek idatzi duen Ehun urteko bidaia liburuari buruz aritu ziren jendaurrean. Mahai inguruan azaldu zutenez, dokumentazio prozesu sakon baten emaitza da liburua, eta funtsean, kontatzen du La Guipuzcoana familia enpresa nola egokitu den lurraldean martxan ziren aldaketetara 1925etik gaur arte.
Olaizolak gogoratu zuenez, 1945ean Jose Manuel Iraeta Azpiazuk konpainiaren gidarritza hartu zuen, eta hurrengo hamardadetan enpresak izango zuen norabidea markatzea lortu zuen. Horrela, 1950eko hamarkadan, enpresaren antolaketan aldaketak sustatu zituen: gidari berriak sartu zituen, bulegoak ireki, flotaren zati bat berritu zuen eta herritarrei eskaintzen zizkieten zerbitzuak zabaldu zituen.
1970ean, Jose Manuel Iraetak erretiroa hartu zuenean, iritsi zen belaunaldi aldaketa La Guipuzcoanara. Haren seme-alabek hartu zuten konpainia zuzentzeko ardura, eta modernizazio fase batean sartu zuten La Guipuzkoana, teknologia berriek eskaintzen zituzten aukerak aprobetxatuz.
2013tik aurrera, Iraeta familiaren hirugarren belaunaldiaren egitekoa izan da zerbitzuen dibertsifikazioa bizkortzea eta garapen deknologikoa indartzea. Modu horretara, unean uneko erronkei aurre eginez, iritsi da La Guipuzcoana ehun urte ospatzera, eta ekitaldian azpimarratu zutenez, gaur gaurkoz, urtean 1,8 milioi pertsonei eskaintzen diete zerbitzua.
Opari bat museoari
Ekitaldiaren amaieran, Jose Luis Iraetak iragarri zuen konpainiaren autobus historiko bat eman diola opari Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoari; Ayats Bravo modeloko bi solairuko Scania bat, zehazki. Autobus hori 2002an erosi zuen La Guipuzcoanak, eta ia 14 urtez Gipuzkoan zerbitzua eskaintzen aritu ostean, 2015ean saldu zuen. Gerora, Bulgariako autobus konpainia batek erosi zuen, eta Sofia-Madril ibilbidea egiteko erabili dute ia hamar urtez. Bada, 2025eko apirilean, La Guipuzkoanak autobus historikoa berreskuratu zuen, eta 23 urteren ondoren etxera itzuli da, lau milioi kilometro baino gehiago eginda.