Mendeurrena. Historia egiteari lotuta dagoen urteurrena da ehungarrena, eta horixe da Azkoitiko La Guipuzcoana autobus konpainiak egin duena. Historia egitea ez baita soilik ehun urte egitea, ehun urte horietan izandako hitzen, ekintzen, bizipenen eta istorioen bilduma da. Aurtengo urtea aspalditxotik zuten egutegian gorriz borobilduta Iraeta sendikoek; izan ere, ez da inolaz ere urte arrunta haienean.
Kronologiaren sokaren aurreneko hari muturretaraino egin behar da atzera La Guipuzcoanaren historiaren abiapuntura heltzeko. 1925. urtea egoera ezegonkorren garaia zen Gipuzkoan ere, Miguel Primo de Riverak diktadura ezarri baitzuen urte batzuk lehenago. Ordea, urte hartan egin zuen aurrenekoz bidaia Azkoititik Donostiara herriko autobus etxe horretako ibilgailuetako batek. Egungo autobus luzeek eta distiratsuek duten itxuratik urrun, ordurako asko ziren lagun kopuru txiki bat eramateko aukera baino ez zuten eskaintzen La Guipuzcoanaren lehen autobusek. Bidaiari kopurua ere halakoa zen, datuen arabera eskualde osoko hamabost-hogei lagun baino ez baitziren igotzen autobusera. Gauzak horrela, bi autobus baino ez zituzten erabiltzen La Guipuzcoanakoek hiriburura egunean bi joan-etorri egiteko: 08:00etan zein 13:15ean abiatzen ziren Donostiarakoak Azkoititik, eta 18:30ean nahiz 20:30ean Azkoitirakoak Donostiatik. Diamond eta Stewart marketako autobusek bi ordutik gora behar izaten zituzten bidea osatzeko.
La Guipuzcoana 1925ean jarri zuten abian; iraetatarrek hogei urtera erosi zuten negozioa
Vascongada de Automoviles zen artean La Guipuzcoanaren jabea, eta autobus haien bolanteak eskurik esku ibili ziren ondorengo urteetan. Ordea, mendeurrena egitea urrun zuen La Guipuzcoanak; izan ere, "urte zailak" ziren halako proiektu bat hartu, hura martxan jarri eta hari behar bezala eusteko. Pedro Ibarra Mac-Mahon izeneko espekulatzaile baten eskuetan ere egon zen autobus konpainia, baina poltsikoak betetzea zail ikusita, hark saldu egin zuen autobus etxea 1945ean. Urte hartako urtarrilean hartu zuen espekulatzaileak La Guipuzcoanaren jabetza, eta martxoan saldu zuen, bi hilabete eskasean.

Salmenta haren ostean ireki zen aro berria enpresan: iraetatarrena. Jose Manuel Iraeta Usula-k erosi zuen La Guipuzcoana, Iraeta sagako piezarik esanguratsuenak. Azkoitiko Usula baserriko mekanikaria zen Jose Manuel, eta, era berean, hura ezaguna zen inguruan harri jasotzen egindako markengatik. Autobusen erronkari heltzerako zuen esperientzia eta ezagutza Usulak garraio munduan. Espainiako gerra hasi baino bost urte lehenago, bost taxi ibilgailu izan zituen hark bere jabetzan, artean askok auto bat gidatzea zer zen ezagutu ere egiten ez zuten garaian. Ordea, gerra iritsi zenean ibilgailu guztiak kendu zizkioten Usulari.
Gerraostean piztu zitzaion Usulari garraiolaria izaten segitzeko harra, eta hala, taxiak alde batera utzi eta La Guipuzcoanaren jabe egin zen. Harrezkero, iraetatarren beste bi belaunaldik zuzendu dute enpresa, eta Jose Luis Iraeta (Azkoitia, 1971) haren biloba da orain ardura hori duenetako bat. Hark egundoko balioa eman dio bere aitonak egindako lanari: "Garai hartan oso zaila zen halako kontuak aurrera eramatea. Oso-oso zaila izaten zen autobusak izatea, eta lortzen zituztenak erabiltzen zituzten. Behin autobus batentzako motor bat erostea ere egokitu zitzaion aitonari, eta hark esana da, motor hark zuen prezioarekin Donostiako Gipuzkoa plazako eraikin bat goitik behera eros zitekeela". Egungo ikuspegitik begiratuta, behinik behin, Jose Manuelek apustu latza egin zuen La Guipuzcoanaren alde.
Negozioa hartu, hartu zuen Usulak, baina bidean oztopo ugari aurkitu zituen; tartean, epaiketaren bat edo beste ere izan zuen. "Gorabehera handiak izan zituen aitonak Azkoitia-Donostia linearen kontzesioa La Guipuzcoanarena zen edo ez ebazteko. Epaiketak izan zituen tren erakundeekin, haien arabera autobusaren zerbitzua trenarenarekin bat baitzetorren. Ordea, aitonak lortu zuen zerbitzua ustiatzea, aldi batzuetan zuzenean jasotako emakidei esker, eta besteetan, zerbitzua alokairuan hartuta".

Egun osoko lan lotua
1945etik hona, urratsak eginez joan da La Guipuzcoana. Autobus gehiago martxan jarri ahala, gidari berriak hasi ziren enpresan lanean, bulego berriak ireki zituzten, autobus flota berritu eta jarduera nahiz zerbitzu berriak gehitu. Finean, hazten joan zen proiektua. Prozesu hori autobus baten erritmora egin dute, ziurtasunez baina bere abiaduran. "Enpresa txikia eta etxekoa zen aitonarena. Aitonak mekanikari lanak egin zituen, baina baita gidariarenak ere. Gauza asko egin behar izaten zituen aldi berean", dio haren bilobak.
Autobusak gehitu ahala, haientzako garajeak ere eskura izan behar. Mende bateko historia honen aurreneko urteetan, egun Baztartxo antzokia dagoen orubean izan zuten bat, baita eliz atarian ere, Idiakez Ederra eraikinaren erreka aldeko lokalean. Berdura Plaza atzeko garajea ere gogoan izango du azkoitiar batek baino gehiagok. Nori ez zaio egokitu han minutu batez zain egotea, autobusak garajera sartzeko maniobra egin behar zuelako? 60ko hamarkadatik oraintsu arteko egoera izan da hori Azkoitian. Hain justu, garaje horien gaineko etxebizitzetan bizitakoa da Jose Luis Iraeta. Hala oroitu du garai hura: "Etxe haietan egiten genuen guk lo. Autobus batek motorra pizten zuenean, etxe guztia mugitzen zen. Ohitu egin behar izan genuen horretara".

Lo kontuak bakarrik ez. Jose Luisek gogoan ditu haurtzaroko kontu gehiago ere; bihurrikeriaren bat edo beste ere bai, tartean. "Autobusen garajeak izaten ziren gure jolaslekuak, eta han ibiltzen ginen gaiztakerietan. Autobusari martxa sartzen genion, hura aurrera nola ateratzen zen ikusteko. Era berean, hari botoi guztiak sakatzen genizkion, ateak irekitzeko eta ixteko. Autobusak arrankatu ere egiten genituen noizbehinka. Aitonak egundoko errietak egiten zizkigun, baina gustura ibiltzen ginen saltsan".
Autobus enpresak fardelekin ere egiten zuen lan hasieran, baita telefonista eta mezulari moduan ere. "40ko hamarkadan Azkoitian lau bat telefono baino ez zeuden. Aitonarenean zegoen bat, eta badakit herritarrak hara joaten zirela deiak egitera. Ordea, bazen etxera deitzen zuenik ere, herriko norbaiti errekaduak edota mezuak helarazteko asmoz. Deiak jaso ondoren, amonak kalean ikusitako umeei helarazten zizkien telefonoz deitu zutenen mezuak, haiek zegozkienei jakinarazteko".
Belaunaldiz belaunaldi, bidea egiten
Usulak bihurgune askoko bideari egin zion aurre, eta hura erretiratu zenean, seme-alabek hartu zioten hari lekukoa: Jose Manuelek, Juanitak, Mariluk eta Jose Luisek –erreportaje honetan hitz egin duen Jose Luisen aita–, hain zuzen. Jose Luisek eta Mariluk hartu zuten hasiera batean enpresaren ardura, baina gerora, Jose Luisek segitu zuen zuzendaritzan. Bigarren belaunaldi horrek hirugarrenari eman zion lekukoa gero: Jose Luis eta bere arreba Ane arduratzen dira egun enpresaren gerentziaz, eta horien anaia Jon da enpresako mantenu arduraduna.
Gaztetan buruan bestelako lanbideak izan zituela aitortzen badu ere, Jose Luis poliki-poliki murgildu zen autobusen munduan. "Kontaketa behar bezala egiteko, jendeak egindako bidaia guztiak paper batean jaso behar izaten ziren, eta lan gogaikarri samarra zenez, aitak niri agintzen zidan egiteko. Asko ikasi nuen garai hartan", gogoratu du. Halaber, badu ikasle garaiko anekdota berezi bat buruan; autobus gidari lanak egiten zituen ikaslea zen garai berean. "Donostiara joaten nintzen eskolara, eta neuk eramaten nuen La Guipuzcoanaren Donostiarako autobus bat. Klaseak jaso ondoren, atzera neuk itzultzen nuen Azkoitira autobusa".

1.000 lagunek erabiltzen dute egun Donostiarako zerbitzua; hasieran, hogei batek soilik
Enpresaren ardura hartu zuenean, berriz, zerbitzuak-eta antolatzen hasi ziren iraetatarren hirugarren belaunaldiko kideak. Gainera, zituzten ibilgailuak berritzeko eta autobus flota handitzeko erabakia hartu zuten. Zortzi edo hamar autobusekin hartu zuten enpresaren ardura, eta orduz geroztik, hirukoiztu egin dute kopurua. Guztira, 35 autobus dituzte gaur-gaurkoz, eta horiek nekaezinak dira: 400-500 kilometro egiten dituzte egunero. Horrek hazkunde handia ekarri du negozioan. 70 langile dituzte egun, horietatik 55 bat autobus gidariak.
Erabaki ausartak, tartean
2007. urtean, Lurraldebus sistemarekin bat egin zuen enpresak, eta Iraetarentzat "arrakasta" izan zen hori eta egungo Mugi txartelak dituen aukerak probestea. Urola Erdiko autobus zerbitzuen emakida edo kontsezioa hartu izanari ere lotu behar zaio, ordea, autobus konpainiak egindako apustua, baita zerbitzu horietatik at eskaintzen hasi ziren zerbitzu berriei ere, tartean Azkoitiko eta Eibarko herri barruko autobusena.
2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Erdiko kontzesioak berrantolatu zituen, eta La Guipuzcoanak arre edo so egin behar izan zuen. Ordura arte, Donostiara, Zarautzera eta Tolosara eskaintzen zituen zerbitzuak, baina, emakida hartuta, Beizama-Azpeitia, Zestoa-Ermua eta Zumaia-Zumarraga lineak eskaintzen ere hasi zen. "Emakida horiek lortuta egin du enpresak jauzi handiena. Dena den, aurretik ere salto handiak eman ditugu, askotan biziraupena zalantzan jartzerainokoak. Kontzesioak lortu izanak baino meritu handiagoa du ordura arte bizirauteko egindako ahalegin guztiak. Momentu askotan egokitu da inbertitu edo ez pentsatzea, aurrera egin edo ez erabakitzea", dio Jose Luisek.

Iraetatarrek egindako apustuak "mugikortasunerako demokratizazioa" ekarri duela dio hark. La Guipuzcoanak aukera sorta hori guztia izateko, baina, "etapa asko" igaro dira: "Aitona egunean bi zerbitzu eskaintzen hastetik, egunean hamar edo hamar eskaintzera igaro ziren gure aurreko belaunaldikoak, eta orain, joan-etorriko 30 zerbitzu eskaintzen ditugu egunero". Horiek Donostiarako bidaien datuak dira; izan ere, guztira, 270 zerbitzu egiten dituzte egunean. Urtean, 2.000.000 bidaiari inguru izaten dituzte.
La Guipuzcoanaren argi izpiak
Donostiarako autobusa da La Guipuzcoanaren zerbitzu izarra. Iraetaren arabera, "gero eta jende gehiagok" erabiltzen du zerbitzu hori. "Urtetik urtera %10 egiten du gora jendearen kopuruak. Batez beste, 1.100 pertsonak erabiltzen dute zerbitzua". Zerbitzu izarra Donostiarakoa bada, zer esan duela urte batzuk hara joan-etorrian ibili zen bi pisuko autobusaz. Nork ez du gogoan? Gaur ez bezala, orduan ilarak egiten ziren autobus hartara aurrena sartzeko. Izan ere, nori ez zitzaion gustatzen autobus haren goiko pisuko lehen lerroko besaulkiek eskaintzen zuten ikuspegiaz gozatzea?
Igaro dira urte batzuk autobus hura erretiratu zutenetik, baina La Guipuzcoanakoek ez dute ahazteko. "Autobus hura Calatayudeko [Espainia] pertsona bati saldu genion, baina jakin genuen hark gero Bulgariako beste batzuei saldu ziela". Sofia-Madril ibilbidea egiten ibili da autobus hori azken urteetan, baina berriro "etxean" da. La Guipuzcoanak berreskuratu egin du. Hala ere, inork ez dezala susmo arrarorik egin; autobus hori ez dute berriro Donostiara bueltaka jarriko. Behin betiko atsedena hartuko du, Euskal Trenbidearen Museoari emanda.

Urteurrena borobiltzera
Mendeurreneko urtea amaitzeko hilabete gutxi batzuk baino ez dira gelditzen, eta La Guipuzcoanakoek ukitu berezia eman nahi diote urtemuga seinalatuari. Horri lotuta, autobus konpainiaren historia biltzen duen liburua aurkeztuko dute laster. Juanjo Olaizola Euskal Trenbidearen Museoko zuzendariak ondu du liburua, historia, bitxikeria eta zuri-beltzeko irudi ugari bilduta. Horrez gain, ekitaldi instituzional bat egiteko asmoa ere badute iraetatarrek urtea amaitu aurretik, 100 urteko ibilbidea atzean utzi gabe 200 urteko ibilia osatzen jarraitzeko. Errepidean.