Aurten mendeurrena bete duen La Guipuzcoana autobus enpresak urtemuga ospatzeko ekitaldia antolatu du datorren astearterako, eta horrekin batera, enpresaren ehun urteko errepasoa egiten duen Ehun urteko bidaia liburua aurkeztuko du. Datorren astearterako jarri dute hitzordua, 18:00etan, Elkargunean, eta La Guipuzcoanako kideek ez ezik, erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute. Dena den, saioa irekia izango da edonorentzat.
Jose Luis Iraeta enpresako zuzendari nagusiak hasiko du ekitaldia, eta haren ondotik, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak hartuko dute hitza. Era berean, Juanjo Olaizola historialariak idatzi duen Ehun urteko bidaia liburua aurkeztuko du jendaurrean.