Erabilerarako eta transmisiorako "bide berriak jorratzeko unea" dela nabarmendu du udalak, Euskararen Egunean

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 3a

Azkoitiko udaletxea.

Eudelek hainbat erakunderekin adostutako adierazpen instituzionala da aurten udalak kaleratu duena. Euskararen ezagutza zabaltzeko eta erabilera sustatuko duten "ingurune biziak zaintzeko eta berriak irabazteko unea" dela azaldu du erakundeak. 

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, abenduaren 3a, eta Azkoitiko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. Azaroko udalbatzarrean onartu zuen erakundeak adierazpena; EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoa jaso zuen dokumentuak; aldiz, Azkoitia Bai herri plataformak kontrako botoa eman zuen, halako adierazpenak "eraginkorrak ez" zaizkiela iruditzen eta. 

Eudelek hainbat erakunderekin –Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak nahiz UEMA– adostutako adierazpen instituzionala da aurten udalak kaleratu duena. Honako hau da Euskararen Egunaren harira kaleratu adierazpena:

"Euskarak bide luzea egin du. Luzeena, agian, Europa zaharrean. Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.

Zein da sekretua? Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena? Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin. Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.

Debekuen aurrean, eutsi genuen. Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen. Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da.

Argi izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna. Euskararentzat aukera berriak zabalik daude. Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.

Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea, zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua. Hiztun komunitatea ez da berez mantentzen. Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.

Horregatik, unea da. Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea. Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune erosoak sortzeko unea. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.

Euskararen ezagutza zabaltzeko unea. Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea. Euskararen biziberritze prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.

Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu. Eta prest gaude! Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera. Elkarrekin egiteko.

Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei. Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du. Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko, Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko.

Euskara da! Guztiontzat da. Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da. Batzen gaituen hizkuntza bat. Elkar ulertzeko gonbidapen bat.

Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari. Eta euskararekin, edonori. Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean. Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.

Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu. Norberetik hasita egingo dugu bidea. Guztion baitan baitago euskararen jauzia.

Zugan, nigan, gugan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide