Saretzen

Oparotasunaren itzala: Hego Euskal Herriko errenta ezberdinen erradiografia

Iker Rincon Moreno 2025eko azaroaren 28a

Hego Euskal Herria Espainiako Estatuko mapa ekonomikoaren goialdean dago. Aberastasun handiena metatzen duen lurraldea da, eta batez beste 19.500 euroko errenta pertsonala dute hegoaldeko euskal herritarrek. Hala ere, itxurazko oparotasun horren azpian, errenten banaketak lurraldeen, eskualdeen, herrien eta auzoen artean kontraste handiak dituela agerian uzten du. Erreportaje honek aberastasunaren itzalean ezkutatzen diren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako errentaren arrakalak eta bilakaera aztertuko ditu, datuen, adituen eta lekukoen bidez.

Hego Euskal Herriko herritarren eta familien errentaren erradiografiak oparoa baina gorabeheratsua den herri baten hezurdura erakusten digu. Espainiako Estatuko mapa ekonomikoaren goialdean kokatzen da Hego Euskal Herria; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa dira Estatuko aberastasun handienetakoa dutenak, eta batez besteko errenta pertsonalak (19.500 euro) nabarmen gainditzen du Espainiako batez bestekoa.

Espainiako Estatistika Institutuaren arabera (Familien Errentaren Banaketaren Atlasa, 2024), EAE Estatuko sailkapenaren buru da, 20.279 euroko errenta pertsonalarekin, Madril (18.856 euro), Balear Uharteak (18.854 euro) eta Kataluniaren (17.477 euro) aurretik. Nafarroak, bestalde, bosgarren postuari eusten dio, baina batez bestekoaren gainetik, 16.941 eurorekin.

Hala ere, itxurazko oparotasun horren azpian, errenten banaketak lurraldeen, eskualdeen, herrien eta auzoen arteko kontraste handiak ditu. Erreportaje honek, aberastasunaren itzalean ezkutatzen diren Hego Euskal Herriko errentaren arrakalak eta bilakaera aztertuko ditu, datuen, adituen eta lekukoen bidez.

Jon Bernat Zubiri EHUko Lan Harreman fakultateko Ekonomia Aplikatuko irakasleak azaldu duenez, errenta pertsonala norbanako batek urte osoan zehar jasotako errenta guztien batuketa da, hau da, jasotako soldata, etekinak eta interesak, besteak beste. Nolanahi ere, batez bestekoa den heinean, adituak nabarmendu du errenta altuek "asko" igotzen dutela aldagai hori.

Gipuzkoa da errenta pertsonalaren buru Hego Euskal Herrian, 2023ko batez bestekoa 19.619 eurokoa izan zen (lurralde eta udal mailan eskuragarri dagoen azken datua). Ondoren, Bizkaia (18.738 euro) eta Araba (17.806 euro) daude.

Arabari dagokionez, Bernatek nabarmendu du "bi Araba" daudela, Gasteiz delako lanpostu industrialetan pisu handiena duen hiriburua, baina, Lautadaz kanpoko Arabako biztanle guztiak lehen sektorearen menpeko eskualdeetan bizi direla, eta, ondorioz, "atzean" gelditzen direla, errentaren ikuspegitik.

Eskualdeka, aldeak nabarmenagoak dira. Plentzia-Mungia dago sailkapenaren buruan, 20.697 eurorekin; beste muturrean, berriz, Nafarroako Erribera, 14.183 eurorekin.

Lau eskualdek soilik gainditzen dute batez besteko 20.000 euroko errenta pertsonala: Plentzia-Mungiak, Debagoienak, Donostialdeak eta Gorbeialdeak. Horri begira, ekonomian adituak nabarmendu du eskualde horietan kapital errenta altuagoak dituztela. Izan ere, Debagoiena kenduta, enplegu  eta soldata datuak ez dira onak hiru eskualde horietan: "Kontua da klase altuko bizilagun gehiago dituztela, eta haien metatzearen ondorioz errenta pertsonal altuagoa dagoela batez beste".

Errenta pertsonal handiena duten udalerriak

Udalerriei dagokienez, Laukiz (25.434 euro) da Hego Euskal Herrian batez besteko errenta pertsonal handiena duen 1.000 biztanletik gorako udalerria, eta haren atzetik daude Getxo (24.626 euro), Maruri-Jatabe (24.145 euro) eta Loiu (23.145 euro), guztiak Bizkaikoak.

Are, gutxienez 1.000 biztanleko errentarik handiena duten 25 udalerrietatik hamahiru Bizkaikoak dira. Gainontzekoak: zortzi Gipuzkoan daude; hiru, Araban; eta bat, Nafarroan. Gehienak nahiko herri txikiak dira, 10.000 biztanle baino gutxiagokoak. Alabaina, ez badiogu auzokide kopuruari erreparatzen, datuak aldatu egiten dira: Nafarroako 300 biztanle baino gutxiagoko bost udalerri dira aberatsenak, 25.000 eurotik gorako datuekin.

Ildo horretan, pertsona aberatsak jarri ditu jomugan EHUko irakasleak. Laukizi dagokionez, Unbemendi urbanizazioa aipatu du, "hor bizi baitira euskal enpresaburu ugari". Hala, nabarmendu du errenta ez dela udalerri horretan sortzen, eta ez diela laukiztar gehienei eragiten, "baina gutxi batzuen errentak oso altuak direnez, batez besteko errenta pertsonalak sailkapenaren buruan jartzen du udalerria".

Azaldu duenez, antzeko egoera bizi dute Getxon, Loiun, Barrikan eta Donostian, adibidez. "Pertsona aberatsen erresidentzia fenomeno horren ondorioz dute errenta pertsonal handia; ez, ordea, soldatak eta etekinak bertan sortzen direlako".

Espainiako Estatu osoan batez besteko errenta pertsonal handiena duten 250 udalerrietatik, 112 Hego Euskal Herrikoak dira; hau da, Estatuko udalerri aberatsenen %45 euskal udalerriak dira. Are gehiago, Estatu osoko 25 udalerri aberatsenetatik, zortzi dira Hego Euskal Herrikoak: bost, Bizkaikoak; bi, Arabakoak; eta bat, Gipuzkoakoa.

Garai (Bizkaia)

 

Egoera hori are gehiago nabarmentzen da udalerri txikietan; adibidez, 1.000 biztanletik beherakoen artean, Garai (Bizkaia) da batez besteko errenta pertsonal (24.905 euro) eta familiar (78.372 euro) handiena duen udalerrietako bat, eta bertakoa da Lazaro Milikua. Auzokideak aitortzen du errenta altuenetako herria dela, baina diru hori ez dela agerikoa kalean. Azaltzen duenez, funtzionario asko bizi dira eta ia ez dago langaberik. Hain zuzen ere, hiru herritar baino ez daude lan barik Garain. Milikuak dionez, herrian eskualdeko (Durangaldea) eta Euskal Herriko gainerako herrien antzera bizi dira, eta uste du alderik handiena etxeen jabetzan egon daitekeela, batez ere.

Errenta pertsonal txikiena duten udalerriak

Ifrentzua hegoaldean dago. 1.000 biztanletik gorako 25 udalerri xumeetatik 24 Nafarroan daude, eta Castejon da errentarik txikiena duena (11.850 euro). Nafarroakoez gainera, Arabako Errioxako Oion sartzen da zerrenda horretan, 14.035 euroko batez bestekoarekin.

Eskualdeei dagokienez, Nafarroako Erribera da nagusi talde horretan: bertako hamar udalerri apalenen artean daude, eta horietako sei hamar errenta baxuenen artean kokatzen dira. Biztanle kopuruari erreparatu gabe, udalerri apalenak eskualde horretakoak dira, eta, ondoren, Arabako Errioxako eta Lizarraldeko beste udalerri batzuk daude, hala nola Navaridas, txiroena (11.111 euroko batez bestekoa du), eta Andosilla (12.152 euro), besteak beste.

Sestao (Bizkaia)

 

Sestaon, hilaren amaierara iristeko ziurgabetasuna eta eguneroko borroka agerian geratzen dira. Elkarrizketatu batzuek euren egoera ekonomikoak "hobera" egin duela edo "egonkor" jarraitzen duela esan arren, gehienek bat egiten dute ziurtatzerakoan bizitza-kostua "soldatak baino askoz gehiago" igo dela.

Herritar horien kezka nagusia da etxebizitza eskuratzea, alokairuek 900 euroko muga gainditzen baitute. Hori ordainezina da askorentzat, are gehiago historikoki Ezkerralde osoko herri "merkeena" izan den udalerri batean bizi direnentzat. Halaber, gero eta industria gutxiago dagoela, tokiko merkataritza gainbeheran dagoela eta ezberdintasun sozialak areagotzen ari direla deitoratu dute.

Nafarroako udalerriak dira errentaren hazkundean liderrak

2016tik 2023ra arteko bilakaera datuek erakusten dute abiapuntuko errenta txikiena duten udalerrietako hazkundea izan dela handiena. 1.000 biztanletik gora herrien artean, Deierri (Nafarroa) da gehien hazi dena (%53,5); ondoren, Cabanillas (Nafarroa) (%48,6), Barrika (Bizkaia) (%45,9), Ultzama (Nafarroa) (%45,6), Maruri-Jatabe (Bizkaia) (%44,9), Azkoien (Nafarroa) (%43,1), Berastegi (Gipuzkoa) (%41,9) eta Atxondo (Bizkaia) (%41,8).

Azken zortzi urteetan batez besteko errenta pertsonala gehien handitu duten 25 udalerri handietatik hamabost Nafarroan daude; sei, Bizkaian; eta lau, Gipuzkoan.

Lurralde osoari begiratuz gero, kasu batzuetan aldi horretan batez besteko errenta pertsonala ia bikoiztu egin da. Horixe da Biurrun-Olkotz, Villamayor de Monjardin eta Izagaondoa Nafarroako udalerrien kasua: % 98,8rainoko hazkundea izan dute.

Nolanahi ere, EHUko adituak azpimarratu du igoera nominala dela, eta prezioak garestitzeak hazkunde horren parte handi bat baliogabetzen duela, "eta hori bereziki larria da soldata txikien bilakaera aztertzen denean; horiei egiten baitie kalte handiena lehen mailako ondasunak eta etxebizitzaren horrenbeste garestitzeak".

Zarautz

 

Zarautzen, esaterako, auzokide honek adierazi du bizitza kostearen azken urteetako gorakadak egunerokoa larriagotu duela. Haren ustez, tamalgarria da prezioek hartu duten gorako bidea, eta adierazi du soldatek ez dutela abiada horretan gora egiten. Esan duenez, soldata eta bizimoduaren kostuaren arteko arrakalaren ondorioz, aurrera egitea gero eta zailagoa da. Etxebizitzari dagokionez, "ametsa" bilakatu dela dio, eta gazteek ez dutela aukerarik horrelakorik erosteko.

Familia errenta, aberastasuna neurtzeko beste modu bat

Familia errentak, etxekoen unitate baten guztizko diru sarreren batura gisa kalkulatuta, irudi osagarria ematen du. Oro har, joerak errenta pertsonalaren antzekoak dira: Gipuzkoa eta Bizkaia lehen postuan daude, eta Nafarroak, aldiz, barne sakabanatze handiagoa du.

Errenta pertsonala gizabanakoen kontsumo unitateari esaten zaio (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen eskalaren arabera); familiako errentak, aldiz, etxekoen diru sarrera agregatuak islatzen ditu. Hala ere, Hego Euskal Herriko errentaren mapa ezer gutxi aldatzen da errenta pertsonala eta familiarra alderatzen denean, nahiz eta ñabardurak dauden. Eskualde aberatsenak berberek izaten jarraitzen dute: Plentzia-Mungia, Debagoiena, Donostialdea, Gorbeialdea eta Urola Kosta; aldea erdiko eta beheko tarteetan dago, errenta motaren arabera eskualde batzuek posizioak irabazi edo galdu egiten baitituzte.

Mendialdea da kasurik deigarrienetako bat: bertako errenta pertsonala erdialdean mantentzen da, baina familiaren errentak behera egiten du nabarmen. Iruñerriko eta Baztan-Bidasoko datuek, aldiz, gora egiten dute bigarren kasu horretan.

Oro har, muturrak errepikatu egiten dira, baina barnealdeek agerian uzten dute nola aldatzen den argazki ekonomikoa errenta mota biak begiratuta: aldea ez da soilik pertsona bakoitzak irabazten duenaren araberakoa, baizik eta etxebizitza beraren pean zenbat diru sarrera batzen den ere.

Lurraldeen arteko desberdintasunaren mapak probintzien arteko kontraste oso nabarmenak marrazten ditu. Araban, udalerrien proportzio oso altua dago errenta dezil txikienetan: udalerrien heren bat baino gehiago lehenengo dezilean daude, familia errenta txikienak dituzten herrien %10eko multzoan, taula osoko ehunekorik handiena. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, udalerrien %4,4 eta %1,1 daude multzo horretan, hurrenez hurren. Nafarroak ere errenta baxuak dituztenen presentzia nabarmena du, baina banatuago: %10,7 lehen dezilean eta %15,1 bigarrenean.

Tarteko deziletatik aurrera, patroia irauli egiten da: Gipuzkoa da errenta maila altuetan udalerrien pisu erlatibo handiena duen probintzia, batez ere zortzigarren eta bederatzigarren deziletan, non %2 eta %15 gainditzen dituen; ondoren Bizkaia dago, hamargarren dezilean kontzentraziorik handiena duena ( %17,7).

Nafarroak banaketa homogeneoagoa du, eta Arabak, multzo zaurgarrienetan presentzia handia duen arren, baditu hainbat udalerri taularen maila altuenean: %7,5 hamargarren dezilean.

Non daude auzo aberatsenak?

Hego Euskal Herriko errentaren mapak landa eremuaren eta hirigunearen, iparraldearen eta hegoaldearen, erdialdearen eta periferiaren arteko arrakalak erakusten ditu, baina baita auzo aberatsenen eta pobreenen artekoa ere. INEren zentsu sekzioko datuen arabera, administrazio unitate txikiena, errentaren gaineko arrakala udalerri handietan eta hiriburuetan gertatzen da, batez ere. Eta udalerrien barruko aldeak nabarmenagoak dira familia errenta aztertzen denean. Hiriburu guztietan eta eskualdeko udalerrien kasu askotan, auzo aberatsenen eta pobreenen arteko arrakala 40.000 eurotik gorakoa da, eta kasu batzuetan, Bilbon eta Gasteizen adibidez, 70.000 eurotik gorakoa.

Bilbo da auzo batetik bestera arteko arrakala handiena duen udalerria: Abandoko eta Deustuko etxebizitzek Otxarkoagakoek eta San Frantziskokoek baino 81.000 euro gehiagoko familia errenta dute, batez beste. Getxon ere kontrastea nabaria da: Hego Euskal Herriko auzo aberatsenak bertan daude, Neguri eta Areeta kasu, eta horietan Itzubaltzeta/Romoko familia errentak halako bi baino handiagoak dira.

Getxo (Bizkaia)

 

Getxo Bizkaiko udalerri aberatsenen artean dago, baina datuen eta kaleko errealitatearen arteko aldea gero eta nabarmenagoa da. Errenta pertsonal altuak izan arren, bizimodua izugarri garestitu da. Ondorioz, herritar askok adierazi dute udalerriko egoera ekonomikoak eta bizi kalitateak "okerrerantz" egin dutela azken urteetan, bereziki etxebizitza eta oinarrizko produktuak garestitu direlako. Kezka are handiagoa da gazteen artean, alokairuen prezioek neurriz kanpo gora egin baitute, eta soldaten zati handi bat hori ordaintzera bideratu behar baitute, "lansariek gora egiten ez duten arren", deitoratu dute.

Auzoen arteko alde historikoei dagokienez, hainbat iritzi daude kalean. Hala ere, aditu zein herritar asko bat datoz: Areeta eta Itzubaltzeta/Romoren arteko arrakala, adibidez, etxebizitzari dagokionez, apaltzen ari da. Areetako prezioek altuak izaten jarraitzen dute, eta Itzubaltzeta/Romo eta inguruko auzoetan "izugarri garestitu dira", eta horrek lehen zegoen arrakala ekonomikoa lausotu du.

Gasteizen, arrakala 78.000 eurorainokoa da; besteak beste, Abetxuku eta Zaramaga eremuak eremu dirudunen oso azpitik daude; Mendizorrotza, esaterako.

Donostian ere desoreka handia da: auzo aberatsenek, Mirakontxa eta Aiete kasu, Egia eta Intxaurrondoko familia errentak hirukoiztu edo laukoiztu egiten dituzte. Irunen, muga ekonomikoa iparraldearen eta hegoaldearen artean kokatzen da; eta Eibarren (Gipuzkoa) eta Arrasaten (Gipuzkoa), lantegi eremuen arteko banaketak nabaria izaten jarraitzen du.

Arrasate (Gipuzkoa)

 

Arrasateko auzokideek argi utzi dute errenta pertsonalak eta bizi baldintzek azken urteetan hartu duten norabidea ez dela behar bezain ona izan. Soldata "handia" dela pentsatzen den arren, egoera okerragotu egin dela uste dute. Diotenez, enpleguaren mapa zerbitzuen eta industriaren menpe dago udalerrian, eta langabezia tasa kezkagarria da bertan, "inguruko udalerrietakoak baino altuagoa" da eta.

Nafarroan, arrakala herri handietan metatzen da. Iruñean, Iturrama eta Ermitagañaren eta iparraldeko San Jorge eta Txantrea auzoen arteko aldea 43.000 eurotik gorakoa da. Tuteran, udalerri barruko ekialde mendebalde arrakala agerikoa da, alde batetik bestera 29.000 euroko aldea dago eta.

Familia errentari buruzko dezilen analisiak polarizazio irudi hori indartzen du. Etxe bakoitzeko 54.841 euro baino gehiagoko errentak dituzten auzoak Hego Euskal Herriko familien %10 aberatsenaren parte dira, eta %10 pobreena, berriz, 20.000 euroko batez bestekoaren azpitik dago.

Banaketak erakusten du sakabanatze handia dagoela goiko eta beheko tarteetan, eta desoreka are nabarmenagoa dela auzo txiroenei eta aberatsenei erreparatuz gero.

Errentak gorabehera, Bernatek azpimarratu du gure inguruko eskualde gehienetan, gaur egun, bai soldata eta bai etekin handiak dituzten herritarrak bizi diren eskualdean geratu ezin, eta kanpora joaten direla lanera, "hiriburuetako auzo aberatsenetan izan ezik".

Hori horrela, familia errentak eta pertsonalak toki bateko garapenean eta ongizatean zuzeneko eraginik ez duten arren, ekonomia adituak azaldu du bizimoduari eragiten diola, zeharka bada ere. "Berez, auzo edo udalerri batean errenta altuko jendea badago, zerbitzuak eta produktuak kontsumituko dituzte, sarritan gertuko saltoki edo enpresei eskatuta, eta horrek garapen efektu eta ongizatea sortzeko aukera ekarriko du, betiere lanpostu eta enpresa onak sortzeko moduan badaude".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide