Itaiak deituta, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko eguneko elkarretaratzea egin dute gaur, asteartea, Azkoitiko eliz atarian. Euria zarra-zarra eginagatik, dozenaka lagun bildu da han, gaurko egunez kalera ateratzeko "hamaika arrazoi" daudela kontuan hartuta. Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko deia luzatu dute antolakunde sozialistako kideek. "Gure aurkako indarkeriak emakume langileon errealitate gordina izaten jarraitzen du".
Euskal Herrian, eta zenbait kasutan, Azkoititik ez oso urrun jazotako hainbat indarkeria kasu zerrendatu dituzte ondoren: Iruñeko talde bortxaketa; Zarautzen, Gasteizen, Erandion edo Igorren izandako eraso matxistak; indarkeria matxistaren aurpegi ilunenak diren erailketa matxistak; Angelun bere bikote ohia hiltzen saiatu zen gizona; eta Zarauzko erailketa matxista, besteak beste. Gogoan izan dituzte aurten indarkeria matxistaren ondorioz hil diren sei emakumeak, baina antolakunde sozialistako kideek adierazi dute badakitela "isilpean eta ezkutuan beste hainbat eraso" gertatzen direla.
Erasotzaileek "inpunitate osoz" gauzatzen dituzten erasoak eta erasotuak izan direnek "salatzeko ezintasun handiak" dituzten kasuak ere aipatu dituzte, esaterako, familiako kideren batek edo gertuko pertsonaren batek gauzaturikoak. Horien aurrean, erasoak salatzeko deia zabaldu nahi izan dute gaur eliz atarian. "Ezin dugu onartu eraso bakar bat ere salatu gabe geratzea. Gu guztion ardura da erasotuak diren emakumeak defendatzea eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea".
Indarkeria matxista "asmakizun ideologikoa" dela defendatzen dutenei ere zuzendu zaizkie Itaiakoak. "Gizonak ere erasotuak direla argudiatuz, matxismoa ukatzen dute batzuk, eta familia barruan gertatzen dena, familiako arazoa dela esaten dute besteek. Gure senarrek, nagusiek, etxe jabeek edo auzokideek erasotzen eta bortxatzen gaituztenean gu esajeratu batzuk garela esaten dute". Hain zuzen, eskuineko nahiz ultraeskuineko alderdiak eta eragileak jarri dituzte orduan jo-puntuan, haiek "ideia atzerakoiak normalizatzeko interbentzio ideologiko-politikoa" egiten ari direla argudiatuta.
Gizartean, azkenaldian, emakume langileen aurkako "neurri zuzenak" hartzen ari direla ere salatu dute. Besteak beste, abortuaren aurkako jarrerak "hauspotzen" edo indarkeria matxistaren aurkako legearen kontrako diskurtsoak "zabaltzen" ari direla adierazi dute. Era berean, salatu dute alderdiek "esku-hartze politikorako" erabiltzen dutela "erasotzaileak etorkinak direla" dioten kasuak. "Bost axola die emakumeok bizi dugun indarkeriak. Programa arrazista, klasista eta espainolista indartzea da beraien helburu bakarra. Ozen diogu, ez erabili indarkeria matxista arrazakeria sustatzeko, eraso ororen aurrean erantzuten jarraituko dugu eta, erasotzailea dena delakoa izanda ere. Ez dugu onartuko gure zapalkuntza espektakulurako eta interes alderdikoietarako erabiltzea. Matxismoa elikatu besterik egiten ez duten ideologiek aurrean izango gaituzte".
Antolakundeko sozialistakoek azaldu dute indarkeria matxista "emakume izate hutsagatik" emakumeek egunerokoan jasaten duten "zapalkuntza" dela. Horrez gain, konnotazio sexualeko mezuak, ukituak, bortxaketak edota erailketak ere jasan behar izaten dituztela adierazi dute, eta sare sozialen nahiz plataforma digitalen garapenak eraso horiek gazteen artean "areagotzea eta normalizatzea" eragin duela. "Emakumeok gara estigmatizatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugunak: polizia etxeetan jazarriak izaten jarraitzen dugu; ospitaleetako protokoloek zaurgarriago bihurtzen gaituzte; epaiketa amaigabeak jasan behar ditugu; laguntza ekonomikoak eta psikologikoak ez dira nahikoak, eta gainera, berandu heltzen dira. Gu gara babes neurriekin itota eta intimitaterik gabe bizi behar dugunak, kalean seinalatuak garenak edota errudun sentiarazten gaituztenak".
"Ezintasuna agerian"
Itaiak gaurko elkarretaratzean azaldu du "agerian" gelditu dela alderdi politikoek zein instituzioek "egoerari aterabidea emateko duten ezintasuna". "Ez dute indarkeria matxistarekin amaitzeko bide-orririk mahai gaineratu. Gainera, zenbait sektore feministak indarkeria matxistari aurre egiteko proposamena estatu egitura kapitalistaren barruan kokatu dute. Azken urteetako politikagintza instituzionalak agerian utzi du matxismoaren kontrako proposamen elektoralak indarkeriaren kudeaketa hutsera mugatu direla, egiturazko arazo sozialarekin amaitzeko borondate eta aukera oro alboratuta". Hori hala, martxan jarri diren neurriek "irisgarritasun mugatua" dute antolakunde sozialistarentzat, eta horien kalitatea "urria" da.
Itaiarentzat indarkeria matxistaren kudeaketaren inguruko eztabaidek "ez dute inolako baliorik", baldin eta horrekin amaitzeko proposamen politikorik ez bada mahai-gaineratzen. "Indarkeria matxistarekin akabatzeak esan nahi du langile klaseko kolektibo ezberdinen zapalkuntzak indartzen dituen gizarte ereduarekin amaituko dela. Horregatik, estatu sozialistaren eraikuntzan ekarpena egingo duen alternatiba politikoa garatzea da gure hautua". Erabakimen horri erantzunez, hainbat baldintza zehaztu dituzte antolakundekoek: batetik, eraso ororen aurrean "irmotasunez eta eraginkortasunez" erantzungo duen indar politikoa eraikitzea galdegin dute, eta bestetik, erasotutako emakumeek beren bizitzekin aurrera egiteko "kalitatezko baldintzak" borrokatzea. Era berean, "kultura matxistatik milioika irabazi" eskuratzen dituzten industriei, enpresei eta proxenetei "aurre" egiteko eskatu dute.
Itaiarentzat jardun horrek guztiak "baliagarria" izan behar du gero eta emakume gehiago "lan politikora zein antolakuntzara" batzeko eta gizarte mailan matxismoaren aurkako "euste horma indartsu bat" sortzeko. "Indarkeria matxista amaitzeko aukera bakarra, instituzioetatik kanpo eraikiko den antolakuntza iraultzailea da".