Azaroaren 25a

Ikasleek bat egin dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 25a

Haurrek, nerabeek eta gazteek askotariko ekintzak egin dituzte gaur egunean zehar. Floreaga ikastetxean eta Xabier Munibe Ikastolan gaia landu dute, eta Azkoitia BHIn nahiz Izarraitz Lanbide Heziketan elkarretaratzeak egin dituzte.

Azkoitiko ikastetxeek ere bat egin dute gaur, asteartea, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin. Egunean zehar hainbat ekintza egin dituzte eskoletan. Elkarretaratzeak izan dira, hitzaldiak jarraitu dituzte eta ekintzetan parte hartu dute, baina, oro har, gaurko eguneko aldarriekin bat egin dute herriko ikasleek. 

Eguneko lehen protesta Izarraitz Lanbide Heziketaren atarian egin dute, Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta. Indarkeria matxistaren aurka heziguneak indartu! lelopean, "gezurretan oinarritutako diskurtso matxistak eta emakumeon irudi sexualizatua normalizatzen" ari direla salatu dute hainbat lagunek. "Hezkuntza sistema kapitalista ez da gai arazoari irtenbidea emateko, eta horren aurrean, gure eginbeharra argia da: indarkeria matxista betikotzen duten agenteak seinalatu, honen aurkako kontzientzia zabaldu, eta eraso ororen aurrean erantzun irmoa antolatu", azaldu dute. Haien arabera, egoera "larria" da, eta "beharrezkoa" da indarkeria matxistaren aurkako "kontzientzia hedatzea eta mobilizatzen jarraitzea".

Azkoitia BHI ikastetxean ere kontzentrazioa egin dute. Gaurko eguna "aukera gisa" hartu dute han. "Azaroaren 25a aukera bat da gazteok gure ingurua modu kritikoan begiratu dezagun. Indarkeria matxista ez da soilik muturreko egoeretara mugatzen: iruzkin iraingarrietan, kontrol jokabideetan, jeloskortasun erromantikoan edo sare sozialen bidezko presioan ere ager daiteke. Garrantzitsua da ulertzea indarkeria edozein harremanetan gerta daitekeela, eta ez dela gatazka arrunt bat; botere desoreka baten ondorioa da, eta emakumeei kalte egiten die".

Hori hala, Azkoitia BHIkoek azaldu dute gazteek badutela oraindik "zereginik"; hainbat aipatu dituzte eskolaren atarian. "Batetik, berdintasunean oinarritutako harremanak eraiki behar ditugu, oinarrian errespetua, komunikazio argia eta askatasuna hartuta. Bestetik, ezin gara isilik geratu inguruan jarrera matxistak antzematen ditugunean. Pauso txikiak baina eraginkorrak dira, esaterako, lagun bati kontrola saihesteko aholkatzea, txantxa iraingarriak gelditzeko eskatzea edo sareetan eraso bat salatzea".

Azkoitia BHIko ikasleek nabarmendu dute gaurko egunak "aldaketarako abiapuntu" izan behar duela. "Gure ahotsak eta keinu txikiak indartsuak dira; elkarrekin indarkeriarik gabeko etorkizuna eraiki dezakegu. Indarkeria matxistaren aurrean, argi eta garbi, ezezkoa da gure erantzuna. Gizarte bidezkoago eta askeago baten alde, gaurtik hasita, denon ardura da".  

Floreaga ikastetxean ere izan dute aldarrikapenik. DBH 4. mailako ikasleek "egun on bereziak" prestatu dituzte, eta gainontzeko ikasleek, tutoretza-saioetan, aurtengo urterako hautatu duten gaia landu dute: 'Komunitateak babesten gaitu'. Mezuak idatzi dituzte haiek, elkartasuna eta zaintza sustatuz. Era berean, Floreagan dauden komunitate ezberdinak ere islatu nahi izan dituzte haiek, hala nola Alaibatza taldea, ADS programako partaideak, Ikaskiroleko ikasleak, Floreagako abesbatza eta jangela. "Guztiek osatzen dute gure eguneroko zaintza sarea, eta guztiek dute lekua gure mezua indartzeko", azaldu dute. Horregatik, komunitate horien guztien argazkiak atera dituzte ikasleek, bakoitzak bere ekarpentxoa eginda "elkarren babesaren irudia" osatzeko. Ikasleek zein irakasleek "ilusioz" parte hartu dute gaurko ekintzetan, eta erakutsi dute komunitatea dela "indargunerik handiena".

Xabier Munibe ikastolak ere askotariko ekintzak eta aldarrikapenak izan dituzte. Gaur goizean, klaseei ekin aurretik, elkarretaratzea egin dute atarian dozenaka lagunek; hainbat gurasok, ikaslek eta irakaslek parte hartu dute kontzentrazioan, kolore moreko pankartak eskuetan zituztela. Klasean, berriz, Azaroaren 25a landu dute batetik; horren barruan, eskolako eraikinean zintzilikatu duten pankarta prestatu dute gaur. Pankarta zintzilikatu aurretik, ordea, pankarta ondu egin behar izan dute; kolore moreko bihotz erraldoi bat marraztu dute ikasleek, eta bihotz horren barruan, askotariko bihotzak itsatsi dituzte. Taldeko argazkiak ere atera dituzte ikasleek pankartarekin.

(Argazkiak: utzitakoak)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide