Udalak erakunde adierazpena kaleratu du Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Erakundearen Bozeramaile Batzordeak onartu du testua gehiengoz. Aurten, indarkeria matxistaren aurka egiteko hainbat jarduera garatzeko konpromisoa duela nabarmendu du udalak. Erakundeak helburutzat ditu, besteak beste, hurbiltasun sare lokalak indartzea, harrera zein integrazio programak eta sentsibilizazio nahiz kontzientziazio kanpainak garatzea eta hainbat arlotan laguntza sareak sustatzea.
Nolanahi ere, udalak kaleratu duen komunitatean jarri nahi izan du fokua. "Komunitateak beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes loturak garatzea zein narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokideen, lagunen edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria egoera gertatzen ari dela", adierazi dute.
Hona hemen udalak Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunaren harira kaleratu duen adierazpena osorik:
"Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.
Komunitateak beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria egoera gertatzen ari dela.
Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.
Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko nahiz haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi.
Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta kuadrillak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.
Horregatik, Azkoitiko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du. Jarduera posibleak:
- Hurbiltasun sare lokalak indartzea: topaguneak, komunitate jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zaindu, pertsona guztiak, eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko.
- Kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera eta integrazio programak garatzea, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
- Hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi inguruneetan laguntza sareak sustatzea, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
- Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Kanpaina eta kuadrillekin aliantzak garatzea sexuen arteko harreman osasungarri eta bidezko kodeak sortzeko, dibertsitate osoan, kode matxistak eta misoginoak hausteko.
- Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko".