Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, azaroak 25a. Azkoitiko Udalak, Ikasle Abertzaleak antolakundeak eta Itaia antolakunde sozialistak deitu dituzte biharko elkarretaratzeak, indarkeria matxista oro gaitzesteko eta berdintasunaren aldarriak lau haizetara zabaltzeko asmoz. Guztiek kontzentrazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Eguneko lehen protesta ekintza Izarraitz Lanbide Heziketaren atarian egingo dute. Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, 10:30ean egingo dute han elkarretaratzea, Indarkeria matxistaren aurka heziguneak indartu! lelopean. "Sare sozialen bitartez, gezurretan oinarritutako diskurtso matxistak eta emakumeon irudi sexualizatua normalizatzen dira gazteen artean. Hezkuntza sistema kapitalista ez da gai arazoari irtenbidea emateko, eta horren aurrean, gure eginbeharra argia da: indarkeria matxista betikotzen duten agenteak seinalatu, honen aurkako kontzientzia zabaldu, eta eraso ororen aurrean erantzun irmoa antolatu", azaldu dute sare sozialetan.
Udalak deitutako bilkura, berriz, eguerdian egingo dute. 12:00etan herriko plazan egingo dute elkarretaratzea, "emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gaitzesteko". Udaleko Berdintasun arloak dei egin die herritarrei gaitzespen ekintzarekin bat egin dezaten, eta emakumeak "askatasunez, beldurrik gabe hitz egiten, mugitzen eta bizitzen diren gizarte sano bat" aldarrikatzeko. Erakundeak aurreratu du "ekintza sinbolikoa" izango dela; indarkeria oro salatzeko, partaideek kandela bat piztuko dute bihar jarrik duten lila koloreko puntu baten inguruan.
Arratsaldean egingo dute eguneko azken elkarretaratzea, Urola Erdiko Itaia antolakunde sozialistak deituta; Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartu izenburupean, eliz atariaren aurrean elkartuko dira (19:00). Itaiak sareetan adierazi du "hamaika arrazoi" daudela bihar kalera ateratzeko. "Emakumeok egunerokoan bizi dugun biolentzia errealitatearen parte da, eta gainera, indarkeria matxista normalizatzen duten eta emakumeok etengabe gutxiesten gaituzten ideia faxistak areagotzen ari dira, errealitate hori are gordinagoa bihurtuz", esan dute.
Egoera horren aurrean, matxismoaren eta faxismoaren aurka "antolatzea eta borrokatzea lehentasunezko auzia" dela adierazi dute. "Ezinbestekoa da eraso matxista ororen eta erasotzaileen inpunitatearen aurka egitea, indarkeria normalizatzen duten ideologia faxisten aurka, matxismoa normalizatzen duten industria kulturalaren eta sexualaren aurka. Indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzeko eta matxismoarekin amaitzeko alternatiba politikoaren alde kaleak hartzeko deia egin nahi dugu".