Musika, dantza eta azoka, San Andres aurreko igande goizerako

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 23a

Bizkargi musika eta dantza eskolakoen eta Txalkor txistulari taldekoen kalejirarekin esnatu dira azkoitiarrak, eta eguerdi parterako jende ugari bertaratu da plazara, baserritarren azokara zein talo tailerrera. Berdura Plazan, berriz, dozenaka emakume aritu dira ehoziria egiten, eta Goiko Losan plaza dantzetarako aukera izan dute herritarrek. 

Helduen danborrada izan zen atzo gauean, eta gaur nabaria zen ajea, azkoitiarrei kostatu egin baitzaie kalera irtetea. Goizeko lehen orduetan inor gutxi zebilen plazan baserritarrek jarrita zituzten postuetan, eta antzera Bizilore eskolak eskainitako talo tailerrean ere. Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek eta Txalkor txistulari taldekoek egin duten kalejiraren bueltan, baina, jende dezente bildu da. 11:00etan hasita, kalez kale ibili dira geldialdiak eginez, eta haietako bakoitzean hainbat dantza egin dituzte haurrek eta gaztetxoek. 

Haiek saioa bukatu dutenean bai, plaza betetzen hasi da, eta eguerdirako giro ederra sortu da. Batzuek baserritarren postuetan erosketak egiteko aprobetxatu dute aukera, eta beste hainbatek taloak egiten ikasteko baliatu dute denbora. Eguerdi partean dozenaka lagunek parte hartu dute Bizilorekoen tailerrean, eta asko izan dira norberak egindako taloak jan dituzten herritarrak. 

Goiko Losan, berriz, dantzarako aukera izan da. Bat-Bitan taldeko Arkaitz Allur eta Maddalen Arzallus musikariekin, bat baino gehiago izan dira plaza dantzak egitera animatu diren herritarrak. Eta Berdura Plazan, ehoziria erakustaldia izan da. Euskal Herriko zein Espainiako hainbat tokitatik etorritako dozenaka emakume jo eta su aritu dira goiz guztian. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide