Herri lasterketak aldaketak eragingo ditu bihar trafikoan eta autobus geralekuetan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 21a

Aizkibel liburutegiaren alboko autobus geralekua. (Guka)

Antxintxikalarien proba dela eta, hainbat kalek eta auzunek normaltasuna galduko dute 16:30etik 17:30era bitartean. Trafikoan bezala, autobus zerbitzuetan ere eragina izango du probak. La Guipuzcoanak jakinarazi duenez, San Martin nahiz Munibe kaleetako eta Julio Urkixo etorbideko geralekuak bertan behera geldituko dira 16:30etik 17:30era bitartean.

Bihar, zapatua, jokatuko dute Azkoitiko XX. Herri Lasterketa. 350 lagunek parte hartuko dute San Andres jaien atarian egin ohi duten proban. Herriko kale ugari zeharkatu beharko dituzte korrikalariek, eta hori hala, itxita izango dira herriko zenbait puntu. Horrek, jakina, eragina izango trafikoan eta autobus zerbitzuetan. La Guipuzcoana autobus enpresak jakinarazi duenez, 16:30etik 17:30era bitartean autobus geralekuetan aldaketak izango dira.

Ordu tarte horretan, autobus linea guztien zerbitzuak Altzibarko biribilgunean, San Antonio kaperaren ondoan, eta Txerloia auzuneko biribilgunean geratuko dira bakarrik. Hori horrela izanda, San Martin nahiz Munibe kaleetako eta Julio Urkixo etorbideko geralekuak bertan behera geldituko dira. Behin proba amaitzean, normaltasuna berreskuratuko dute geraleku guztiek.

Proba, hainbat kaletan

Trafikoan ere izango du eragina biharko lasterketak, korrikalariek kale eta auzo ugaritatik igaro beharko dute eta. Honako puntu hauetan eragingo du probak: San Martin kalea, Jausoro auzunea, Ibaiondo kalea, Xabier Munibe kalea, Guardia kalea, Altzibar auzunea, Beidazar kalea, Trenbidearen Zumardia Aldapa kalea, Juin kalea, Juin Txiki industrialdea, Julio Urkixo etorbidea, Izpiritu Deuna kalea, Ugarte kalea, Klara Donea eta Plazaberri.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide