Raka Maraton atletismo aldeak antolatuta, datorren larunbatean jokatuko dute hogeigarrenez Azkoitiko Herri Lasterketa. San Andres jaien barruan antolatu ohi du Raka Maraton taldeak hamar kilometroko proba, eta aurten, urteurren borobila ospatuz egingo dute lasterketa. Atletismo taldeak jakinarazi duenez, jendetza bilduko du probak aurten ere. Iaz bezala, izen ematean atera dituzten 350 dortsalak agortu egin dira aurten ere.
Herriko plazan hasiko dute korrikalariek proba 16:30ean, eta haiek hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Ohi bezala, herri osora zabalduko den bost kilometro eskaseko zirkuituari bi bira eman beharko dizkiote parte hartzaileek. Aurreneko kilometroetan herriko plaza, San Martin kalea, Jausoro auzuneko Burdinoleta kalea, Ibaiondo kalea, Xabier Munibe kalea, Guardia kalea eta Ibaiondo kalea lotuko dituzte, hurrenez hurren.
Behin itzuli hori eginda, Ibaiondotik Altzibar auzora joko dute antxintxikalariek. Altzibar auzoari egingo dioten aurreneko keinuan Anaitasuna plazari emango diote itzulia; Altzibar plaza inguratuko dute bigarren itzulian. Bai aurreneko itzulian, bai bigarrenean, Altzibartik San Martin eta Ibaiondo kaleetara itzulik dira korrikalariak plaza inguruko kaleetara. Elkarguneko biribilgunean, ertzain-etxe aurreko malda igo beharko dute, eta handik beilatokira eta Juin industrialdera jaitsi.
Industrialdetik Julio Urkixo etorbidera kale horren 40 zenbakiaren pareko bidegurutzera aterako dira parte hartzaileak, handik Plazaberri aldera jotzeko. Dena den, etorbide hori Izpiritu Deunaren kalean —Intsausti jauregiaren alboko kalea— utziko dute lasterkariek, segidan Ugarte kalean eta Klara Donea kalean barrena segituko baitute parte hartzaileek. Plazaberri izango dute gero jomuga, eta eliz ataritik plazara arte egin beharko dute bidea. Lehen itzulia eginda, ordea, ibilbidea bigarren aldiz egin beharko dute izena emanda dauden lagunek.
Joseba Diaz azkoitiarrak eta Nerea Baena arrasatearrak irabazi zuten iazko Azkoitiko herri lasterketa. Probako errekorra ezartzetik hurbil izan zen une batean azkoitiarra, baina azkenean, ez zuen helburu hori lortu; 30 minutu eta hamazazpi segundo behar izan zituen hark helmugara iristeko. Baenak, berriz, 37:57 denbora egin zuen.
Boluntarioei deia
Zapatuan jokatuko den herri lasterketan boluntario moduan lagundu nahi dutenei deia egin diete antolatzaileek. Bereziki, bidegurutzeetan lagundu beharko dute boluntarioek. Lagundu nahi duten herritarrek 15:30erako herriko plazara agertu beharko dute, lasterketari buruzko irizpideak eta xehetasunak jasotzeko.