Gutuna

Zaintza prozesua, herritarrentzako bilera irekiaren zain

Egoitza Kalera 2025eko azaroaren 20a

Elkargunearen eta liburutegiaren arteko eremua.(A.E.)

EAJ eta Azkoitia Bai udal taldeek gizarte zentroaren proiektuaren inguruan esandakoen ondotik, Egoitza Kalera taldeak honako gutun hau kaleratu du. 

Zaintza oinarrizko gai bezala hartuta, Azkoitiko Udalak, Matia fundazioarekin batera, bereziki adinekoentzako apartamentu tutelatuak egiteko helburuarekin prozesu bat ireki zuen. Bertara, udaleko ordezkariaz gain herriko zaintzarekin lotura duten talde desberdinetako batzuk ere gonbidatuak izan ginen; guztira, 25 bat pertsona.

Prozesuaren hasieran emandako pautak jarraituz, talde hori bost bileratan puntu hauetaz aritu da: zaintzaz zer ulertzen den; Azkoitiko zaintzaren definizioa, klabeak eta zaintza-mapa; zaintza-ostatu eta etxebizitza desberdinen azalpena; udalak aztertu dituen kokapen desberdinen azalpena (Kantoiko etxea, liburutegi ondoko berdegunea, Goiko Kaleko hutsunea, Irubideko etxea, Usulaneko etxea, Erretore etxearen atzeko hutsunea, etab.): eta aurreko horietatik aukera egokien bezala ikusten dituen bi lekuren azalpena: Goiko Kaleko hutsunea eta liburutegi-Elkarguneko tarteko berdegunea.

Prozesu horri amaiera emateko, orain falta dena azken pausoa da. Hirugarren saioko aktan Azkoitiko erronkak izeneko puntuan jasota dagoen bezala, "zaintzaren inguruko informazioa zabaldu eta biztanleriari era atseginean helaraztea". Pauso hori nola egitea dauka pentsatuta udal gobernuak? Prozesuaren plangintza agertu zitzaigunean aurreikusia zegoen, bosgarren saioa egin eta gero, udako oporren ondoren, bilera ireki bat antolatzea herritar guztiei informazioa emateko eta iritziak jasotzeko. Gu, Egoitza Kalerakoak, prozesu horretan partaide izanik oraindik, bilera ireki horren zain gaude; herritar guztioi ukitzen digun gaia izanik, pentsatzen dugulako denok jakitun izan behar dugula udalaren planak zeintzuk diren.

EAJk dio "azken erabakia udalarena dela". Horrela izanda ere, gai hau oso sakona denez, ez al da interesgarria eta demokratikoagoa izango, prozesu horretan parte hartu duten pertsonez aparte, herritar denok ondo informatuta izatea eta orokorrean jasotzen diren iritzietan oinarritutako erabakia izatea? Prozesuaren aberastasuna ez dago deliberazioan, zuek diozuen bezala, baizik eta herritarren partaidetzan eta haien nahiak ondo bideratzean.

Aipatutako bi aukera horiek, Goiko Kalekoa eta liburutegi ondoko berdegunekoa, egokienak direla uste duzuenez, horren zergatia herritarrei azaldu beharko diozue bada?

Liburutegi ondoko berdegunearen aukerari dagokionez, kontuan hartu al duzue herri erdian gelditzen den berdegune bakarrenetakoa dela? Klima larrialdia dela-eta, beste lekuetan berdeguneak gehitzen ari dira, eta hemen dagoen gutxi hori ere kentzeko prest al zaudete?

Metroei dagokienez, espazioak ematen duela esaten duzue, baina era horretako eraikuntza egiteko leku estua eta hezea ez al da? Eta inguruko trafikoarekin eta geltokiarekin zer egin gero? Azpiko solairuan zer zerbitzu joango lirateke, zerbitzu sozialetako gelak? Jubilatuentzako taberna terrazatxoarekin? Goiko bidearen altueratik, bi pisutik gora, apartamentuentzat pentsatuta baldin baduzue, konturatzen al zarete zer nolako inpaktu bisuala izango duen munstro horrek? Kostu ekonomikoa izango al da klabea? (Beste gauza batzuetarako badago dirua nonbait).

Beste aukeran, Goiko Kalekoan, berriz, berdegunerik ez da kentzen, eta aurrez eraikina egonda dagoen leku bat aprobetxatuko litzateke. Atzeko partean jardintxo bat egiteko aukera ere ematen du, eta anbulatorioa gertu dago. Kaleari ere beste jantzi bat emango lioke. Zer diozue horri buruz?

Esango duzue oraindik udal mailan erabakia hartu gabe dagoela, baina denok dakigu erabaki horiek zeinen eskuetan dauden.

Proiektu horiei buruzko informazio guztia eman ondoren, kontutan hartu beharrekoa da herritarren nahia zein den, eta ez, dena egina dagoenean, aldizkari dotorean azaltzea hau eta hori egin duzuela esanez.

Bide batez, (gaia desberdina da, baina adineko pertsonekin lotura duenez), jubilatuen taberna horri buruzko informazioa ere faltan botatzen da herrian. Zergatik ez hainbeste urtetan agindutako jubilatuen taberna eliz-atariko lokal horretan egin, eta beste zerbitzuak lehen zeuden bezala plazako eraikinean jarraitu? Eliz atariko lokal horretan beste ezer egiteko asmoa al dago? Honezkero hori ere pentsatuta daukazue, eta azaldu, mesedez.

Herria informatu eta kontutan hartu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide