BDZ Euskal Herria mugimenduak joan den astean salatu zuen Azkoitiko Juaristi enpresak gurpilen errodamenduen 1.075 kiloko kargamentu bat bidali ziola urtarrilean Elbit Systems Israelgo arma enpresari. Afera horren harira, Juaristi enpresa batzordeko kideen eta langile guztiaren gehiengoa duen LABek oharra kaleratu du gaur, asteazkena.
Sindikatuak adierazi du "bere esku dagoen guztia" egingo duela Juaristik Israelekin inolako harreman komertzialik izan ez dezan. "Langileen ordezkari gisa, giza eskubideen eta justizia internazionalaren oinarrizko printzipioen aurkako edozein egoeraren aurrean, arduraz eta koherentziaz jokatzen jarraituko du LABek", azaldu dute oharrean.
Sindikatuak "elkartasun osoa" helarazi dio Palestinako herriari, egun bizi duen "egoera humanitario onartezinaren aurrean". Era berean, Israelgo Gobernua gauzatzen ari den "politika genozida irmo" gaitzetsi du, eta salatu du Palestinako lurraldeetan ematen ari den "sarraskia eta okupazioa ilegala nahiz etengabea" dela.
Juaristi enpresak, bere aldetik, ukatu egin zuen halako enkargurik egin izana. Enpresak azaldu zuen Israelerako garraioa ez zela salmenta bat izan, baizik "konponketa" bat. "Gure bezero batek fresaketa-buru bat bidali zigun konpontzera, eta guk jatorrizko jabeari itzuli genion", esan zuen enpresak.