Israelgo arma enpresa bati materiala bidali izana egotzi diote Juaristi enpresari, eta hark ukatu egin du

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 15a

Juaristi enpresa. (Ane Olaizola)

BDZ Euskal Herriaren arabera, enpresa horrek gurpilen errodamenduen 1.075 kiloko kargamentu bat bidali zion urtarrilean Elbit Systems Israelgo arma enpresari. Juaristik, bere aldetik, azaldu du Israelerako garraioa ez zela salmenta bat izan, baizik "konponketa" bat bidali zutela.

Hilabeteetan luzatzen ari den lan gatazka ez ezik, beste afera bat gehitu zaio Azkoitiko Juaristi enpresari: izan ere, BDZ Euskal Herriaren arabera, enpresa horrek gurpilen errodamenduen 1.075 kiloko kargamentu bat bidali zion urtarrilean Elbit Systems Israelgo arma enpresari.

Berria egunkariak emandako informazioaren arabera, Irlandako The Ditch aldizkariaren bitartez eskuratu du Juaristiri dagokion informazioa BDZ Euskal Herriak. Hark dioenez, Air Europa konpainiaren bitartez igorri zuen materiala Madrildik Tel Avivera, 2025eko urtarrilaren 29an. BDZren arabera, Elbit Systems Beies Israelgo armadaren arma hornitzaile nagusia da, eta hari egozten dio Gazako zibilen aurkako erasoetan erabilitako misilak eta droneak eraiki izana. Horren aurrean, BDZ Euskal Herriak Juaristiri eskatu dio "berehala eten ditzala Israelgo gerrarako konplexuarekin dituen harreman guztiak".

Juaristik, bere aldetik, ukatu egin du Israelgo konpainiarekin harreman komertzialik izan duenik. Azaldu duenez, Israelerako garraioa ez zen salmenta bat izan, baizik "konponketa" bat bidali zuten. "Gure bezero batek fresaketa-buru bat bidali zigun konpontzera, eta guk jatorrizko jabeari itzuli genion". Naiz hedabidearen arabera, enpresak azaldu du urteak daramatzala Israelekin "inolako negozio-harremanik" izan gabe. "Are gehiago, duela gutxi baztertu egin genuen herrialde horretatik zetorren negozio-aukera garrantzitsu bat, ez genuelako inolaz ere Israelen egungo jokabidea babestu nahi", gaineratu du. 

Ez da Juaristi Israelekin egindako tratuez jomugan dagoen enpresa bakarra. Izan ere, arma enpresa batekin altzairu kontrabandoan aritu izana leporatuta, Sidenorreko buruek aste honetan deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Haiek ere ukatu egin dute hori, eta Sidenorrek Israelera egindako altzairu salmentetan lege hausterik ez duela egin adierazi zuten asteazkenean enpresaren presidente Jose Antonio Jainagak, zuzendari orokor Marco Pinedak eta zuzendari komertzial Iñigo Molerok. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide