Argazki txikia, gorpuztuta

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 19a

Inaxio Lopetegiri 2023ko otsailean Oikian egin zitzaion omenaldi ekitaldiko irudia. (Gorka Zabaleta)

Euskal Herrian, 1936ko gerrak eta ondorengo frankismoak eragindako 10.000 desagertu inguru zenbatu dituzte. Inaxio Lopetegi oikiarra izan zen gerran galdutakoetako bat. Guka Francoren heriotzaren 50. urtemuga dela-eta egiten ari den lanketako bederatzigarren erreportajea da honako hau.

Gerra galtzearekin nahikoa ez, eta irabazleen ankerkeria ere sufritu behar izan zuten Francoren gudarosteen aurka borrokatu zirenek. Behin beldurraren erregimena ezarrita, hilketak izan ziren, kanporatzeak, erakunde zein norbanakoen ondare konfiskatzeak. Baita desagertuak ere. Frankismoaren ondorioz desagertutako biktimak biltzen dituen plataformaren arabera, 140.000 desagertutik gora eragin zituen gerrak eta ondoren ezarritako frankismoak Espainia osoan. Euskal Herrian, 10.000 desagertu inguru zenbatu dituzte. Urola Kosta eskualdean ere izan ziren gerran galdutakoak. Haien gorpuzkiak –memoria, behintzat– berreskuratzeko hainbat lanketa egin dituzte azken hamarkadetan. 

Inaxio Lopetegi Oliden oikiarra izan zen "gerran galdutako" gudarietako bat. Osabaz galdetzean, familiartean hitz horiek erabiltzen zituztela du gogoan haren iloba Arantza Ugartek (Oikia, 1951). "Guretzako beti izan zen argazki txiki bat, zapata kaxa irekitzean agertzen zena", dio. Gurasoei, izeba-osabei, galdetzen zien ea zein zen zuri-beltzeko argazkian agertzen zen gazte hura. "'Hori, gure Inaxio, gerran galdutakoa', esaten ziguten, eta horrela bukatzen ziren gure etxeko elkarrizketak", du gogoan. Beldurragatik, oroitzapenek eragin zezaketen mina ez areagotzeagatik, etxeko gazteei xehetasun gehiago ez zizkietela ematen dio. "Bagenekien osaba bat genuela, gerran galdu zela, baina hortik aurrera ezer gehiago ez genekien", adierazi du. "Lehengusu denontzako hala zen, gerran galdutakoa, eta hortik aurrera ez zen pausorik eman".

Oikian bertan, lagun batekin hizketan ari zela, jakin zuen osaba Inaxio gerran hil zutela. Izeba, "amaren ahizpa" artean bizirik zegoela eta, bisitan joan zitzaiola du Ugartek gogoan. "Galdetu nion ea ba al zekien osaba Inaxio non hil zen, eta Artxandako batailan galdu zela erantzun zidan. Hor geratu zen kontua".

Inaxio Lopetegi. (Utzitakoa)

Identifikazio zenbakia

Denborarekin, irakasle bihurtu zen Ugarte, duela urte batzuk erretiroa hartu zuen arte. Egun, Mutrikun (Gipuzkoa) bizi da, eta herri horretako memoria taldeetan kolaboratzen du. Urte horietan guztietan ez zuen ahaztu osaba Inaxio, eta Eusko Jaurlaritzak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortu zuenean, "badaezpada", osabaren datuak bidali zituen, baldin eta zerbait agertzen bazen. "Memoria kontuetan murgilduta nenbilen, eta esaten nuen etxeko memoria ere berreskuratu behar zela".

"Denbora luze batean" aurrerapausorik ez zela eman kontatu du, "halako batean, arratsalde batean", Gogoraren orduko zuzendari Aintzane Ezenarroren deia jaso zuen arte. "Orduan pentsatu nuen bazetorrela zerbait. Deia jasotzean, zuzenean galdetu nion ea osaba agertu zen. Halaxe atera zitzaidan", oroitu du. 2022an, Aranzadi zientzia elkarteko kideek Bilboko Begoñako hilerrian egindako indusketa batean, Inaxio Lopetegirenak izan zitezkeen hezurrak eta identifikazio txapa agertu zirela esan zion Ezenarrok Ugarteri. 

Ugarteren esanetan, aurkikuntzak "dena berriro piztu zuen". Lehengusuentzako ezustekoa izan zela aipatu du hark, baina baita Gogora institutuko kideentzako ere, "paperetan agertzen zelako Oikian lurperatuta zegoela". Begoñako hilerriko aurkikuntzak eraman du Ugarte pentsatzera bere garaian "tranpa paper bat egin zutela apaizarekin, Oikian lurperatuta zegoela esateko". Lopetegi ustez lurperatuta zegoen hilerriak ez du dagoeneko existitzen. "Elizaren atzealdean zegoen, eta frontoia egin zutenean kendu zuten". Txikia zela, kanposantu hartan egoten zela du gogoan Ugartek: "Eskolatik ateratzean, batzuetan beldurrez eta besteetan ikusmiran joaten ginen, eta han sekula ez nuen ikusi gure osabaren izenik. Horregatik pentsatzen dut paper hura azpilanean egin zutela, ez etxekoek esandakoarekin".

Identifikazio txapa hartan agertzen zen zenbakiak bidea zabaldu zien familiartekoei osabaren inguruko informazio gehiago biltzeko. "Gorka Zabaletak, hura ere Inaxioren senitartekoa, nomina baten agiria bidali zidan. Dokumentu hartan agertzen zen bere zenbakia, eta haren bidez jakin genuen ELA-STV-ren San Andres batailoian aritu zela". Agiri hartan, beste izen batzuk agertzen zirela ere gaineratu du. "Txomineneko Santos Zubimendi, Miguel Galarraga eta Torreko Isidro. Bi oikiar eta San Migeleko [Artadi] beste bi. Denak bizirik itzuli ziren, gure osaba izan ezik". 

Ezinezkoa akaso ez, baina oso zaila da duela ia 90 urte gertatutakoaren inguruko datu zehatzak jakitea. "Noiz hil zen zehazki ez dakigu, baina uste dugu 1937ko ekainaren 13aren eta 17aren artean izan zela. Bilboko defentsan hil zen, Bilboko Burdin Hesian", dio Ugartek.

Begoñako hobian lanean aritu ziren Aranzadiko kideek uste dute ehorzketa "beraien aldeko jendeak" egin zuela. "Gorputzak oso ordenatuta zeuden, oso ondo jarrita", dio oikiarrak. "Ondo zeuden gorpuak buruz gora lurperatu zituzten, eta zauriren bat zutenak edo desitxuratuta zeudenak, buruz behera. Hala aurkitu zuten gure osaba".

Zentzu horretan, Aranzadik egindako lana txalotu, eskertu eta baloratu du Ugartek. "[Desagertutakoen] gorpuak eta hobi komunak aurkitzeko lan handia egin du Aranzadik".

Arantza Ugarte. (Juan Luis Romatet)

Etxera bueltan

Begoñan aurkitutako gorpuzkiak identifikatu ahal izateko, DNA analisiak egin zizkieten Lopetegiren familiartekoei. Datu haien arabera, hezur haiek Inaxio Lopetegirenak ziren, %99 baino gehiagoko ziurtasunarekin. "Txaparen identifikazio zenbakiarekin ia seguru geunden bera zela, baina analisien emaitzek ziurtasuna eman ziguten", dio gudariaren ilobak. 

2023ko otsailean eman zizkieten Lopetegiren gorpuzkiak haren senitartekoei. "Lehengusu guztiak bildu ginen, eta alde batetik poza sentitu genuen, baina baita tristura ere. Etxeko hildakoa berpiztu bezala egin zen". 

Ugarteran esanetan, tristuraz gain, "mina" ere sentitu zuten. "Amorrua baino gehiago, mina", nabarmendu du. Gaineratu du dagoeneko zenduta dauden senitartekoek barrenean eramango zutela mina, "orduan ezin zen-eta ezer esan". Haren hitzetan, "pena ere" sentitu zuten, osaba herrira bueltatu zutenerako "haren senide denak hilik" zeudelako. "Pentsatzen dut, amonak bere garaian eta osabaren anai-arrebek gero, gustura eramango zutela [Lopetegi] beren albora".

Lopetegiren omenezko ekitaldia egin zuten Oikiako hilerri berrian 2023ko otsailaren 25ean. "Betidanik gure nahiz zena bete genuen; bere herrian omendu, hileta egin eta bere amaren ondoan lurperatu genuen".

Bihar udaletan memoria historikoa gordetzeko egindako lanketari buruzko erreportajea kaleratuko du Gukak, Frankismoa: orbainaren mintzoa seriearen barruan.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide