Familiaz familia transmititutako esamesen arabera, Urola Kostako hilerrietan ere izan ziren fusilaketak, baina gaur-gaurkoz, Aranzadiko kideek ez dute hobi komunik aurkitu eskualdean. Aranzadi zientzia elkarteko Antropologia saileko kide Lourdes Herrastiren esanetan, Getariako hilerrian eta Orion egin zituzten hobiak aurkitzeko saiakerak, baita Deban (Gipuzkoa) ere, baina ez zituzten topatu.
Aipatu saiakerek eman zituzten fruituak Bizkai aldean. Begoñako hilerrian, esaterako, 1936ko gerran hildako 46 lagun aurkitu zituzten 2022an, hobi komun handi batean. Urte batzuk lehenago, Gernikako hilerrian egin zuten aurkikuntza. Han, 82 gudariren gorpuzkiak aurkitu zituzten, haietatik hemezortzi Urola Kosta eskualdekoak: Azkoitikoak bost, Azpeitiko eta Zumaiako launa, hiru Zarauzkoak, eta Getariako nahiz Zestoako bana. Gernikan aurkitutako gudari haien memoria aitortzeko Gipuzkoatik Gernikara izeneko ekitaldia egin zuten Gernikan bertan, 2017ko ekainaren 17an.
Eskualdeko familia batzuek desagertutako familiartekoen gorpuzkiak etxeratzeko borrokan jarraitzen dute. Gerran borrokatu eta gero atxilotu zuten Martin Hilario Intxaurrondo, baita desagerrarazi ere. Haren nondik norakoak ikertzen hasi ziren Fermin eta Pilar Larrañaga getariarrak, Martin Hilarioren bilobak, 2010eko hamarkadaren hasieran.
Aranzadirekin harremanetan jarri ziren lehendabizi, eta aitonaren berririk ez zutenez, Espainiako hainbat artxibategitan aritu ziren galdezka, Guadalajarakoan aitonaren inguruko informazioa aurkitu zuten arte. Denborarekin, esfortzu handiarekin, haien aitona Madrilgo Cuelgamuros haranean zegoela jakin zuten, Francoren aginduz eraiki zuten Erorien Haranean.
Aitonaren gorpuzkiak frankismoari gorazarre egiteko sortu zuten monumentutik ateratzeko tramiteak egin zituzten, baina gaur-gaurkoz ez dute helburua lortu. Familiarteko baten arabera, oso baldintza txarrean aurkitzen den leku batean daude hezurrak, eta ez atzera eta ez aurrera dago egoera.
Oikian lurperatuta?
Inaxio Lopetegiren senitartekoek bizi izan zuten antzerako egoera pairatu behar izan du Antonio Ibarbiaren familiak. Oikiarra Lopetegi bezala, hura ere Bilboko defentsan hil zuten, 1937an. Eta Lopetegi bezala, Oikiako hilerrian lurperatu zutela diote orduko izkribuek.
Paperek diotena zalantzazkoa dela iritzi zioen Imanol Azkue idazle, ikerlari eta, gainera, Antonio Ibarbiaren senitartekoak, 2022ko uztailean Zumaia Guka-ko komunitaterako idatzi zuen artikulu batean. Gertaeren errepasoa eginda, sinesgaitza iruditu zitzaion hil eta lau hilabetera gorputza Bilbotik Oikiara eramatea, "Bizkai osoa zeharkatuta", eta, behin herrian, familiarteko inori ez ezer esan izana.
