Bihar, osteguna, Isilune Zirkuluak azaroko elkarretaratzea egingo du plazan, 20:00etan hasita. Hilero gizarte mailako aldarri ezberdin bat eraman ohi du taldeak herriko plazara, eta bihar, Mendebaldeko Sahararen eskakizunen alde egingo dute haiek. Hain justu, Mendebaldeko Sahara, sahararrentzat! Sahara askatu! Sahara hurra! lelopean egingo dute bihar elkarretaratzea.
Marokok Mendebaldeko Sahararako proposatu duen autonomia plana baztertzea eta beren herrialdearentzat autodeterminazio eskubidea gauzatzea eskatuko dute, besteak beste. Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaz (Minurso) erabakitzeko Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Kontseiluak Marokoren irtenbidea lehenetsi du aurten, hark Mendebaldeko Sahara Marokoko autonomia bat izan dadin eskatzen duen plana, zehazki.
Isilune Zirkulua bost elkartek osatzen dute: Gernika-Palestina taldea, Darahli elkartea, Marea Urdina, Loiolako Lagundia eta Azkoitiko Parrokia. 2023ko abenduan ekin zioten horiek jardunari, eta ordutik, hileko hirugarren ostegunetan elkartu ohi dira plazan giza eskubideen urraketak salatzeko eta gizatasuna plazara eramateko.