Darhali elkarteak eta Azkoitik saharar komunitateak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, ostirala, herriko plazan. Marokok Mendebaldeko Sahararako proposatu duen autonomia plana baztertzea eta beren herrialdearentzat autodeterminazio eskubidea gauzatzea eskatzeko dozenaka lagun bildu dira. Banderak, pankartak, kartelak eta aldarrikapenerako bestelako hainbat material hartuta, elkarretaratze zaratatsua egin dute plazan.
Urtero, sasoi honetan, Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioaz (Minurso) erabakitzeko saio bat egin ohi du NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak. 1991. urtean indarrean sartu zenetik, Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko gatazka konponbidean jartzeko asmoa duen misioa luzatu egin izan dute, testu bat kontsentsuz onartuta. Aurten, ordea, eztabaidatu eta bozkatu beharreko ebazpen proposamenean berritasun bat txertatu dute; izan ere, AEBek Marokoren irtenbidea lehenetsi dute, Mendebaldeko Sahara Marokoko autonomia bat izan dadin eskatzen duen plana, zehazki.
Atzo, osteguna, egin zuten bozketa, eta NBEren Segurtasun Kontseiluak gaur eman du bozketaren emaitzaren berri. Marokok beretzat du sahararren lurra, baina Fronte Polisarioa du aurrean, horiek estatu independente bat aldarrikatzen baitute Mendebaldeko Sahararentzat. Gaurko bozketan Errusia, Txina eta Pakistan abstenitu egin dira, eta Aljeriak ez du bozkatu. Kontseiluko gainerako 11 kideek, berriz, ebazpenaren alde bozkatu dute, eta Minurso misioa urtebeterako berritu dute.
Emaitza hori ikusita, NBEren Segurtasun Kontseiluak Marokori eta Mendebaldeko Saharari eskatu die Marokok 2007an Nazio Batuei aurkeztu zien autonomia plana oinarri hartuta, negoziazioak hastea. Erakunde horren arabera, Marokoren subiranotasunaren pean Mendebaldeko Sahararentzat autonomia bat izatea izan liteke "irtenbiderik bideragarriena" 50 urte iraun duen gatazka amaitzeko. Hain justu, azaroaren 6an beteko da mende erdia Marokoren Martxa Berdetik; mugimendu harekin Mendebaldeko Sahara okupatu zuten, eta gerra hasi zen.
NBEk eman duten ebazpena zein izan den jakinda, Azkoitiko plazan bildu da gaur, ostirala, herriko eta inguruko herrietako sahararren komunitatea. Donald Trump AEBetako presidenteari eta nazioarteko komunitateari zuzendu zaizkie han bildutako herritarrak; izan ere, AEBek auzian sartzea eta Minursoren egitekoaren ebazpena aldatzea dute xede. AEBak Marokorekin eta Aljeriarekin ari dira hitz egiten auziaz, haien asmoa baita lehenbailehen bake akordioa ixtea. Aljeriak, hain zuzen, lehia estrategiko bat du Marokorekin Afrika iparraldean, eta, gainera, Aljeria mendebaldean daude sahararren errefuxiatu guneak, Tindufeko kanpalekuetan. Ebazpenaren zirriborro bat ere kaleratu dutela azaldu dute zenbait hedabidek, baina dokumentu horretan ez dute jaso Mendebaldeko Sahararentzat autodeterminazio eskubiderik. Kontrara, Marokoren posizio babestu dute, Mendebaldeko Sahara bere autonomia bat bihurtzeko bideari lehentasuna emanda.
Azkoitiko plazan bildutako sahararrek eta haiei babesa eskaintzeko deialdiarekin bat egin duten herritarrek autonomia plan horren aurka egin dute. "Azkoitian bizi garen saharar komunitateko kideok publikoki adierazi nahi dugu Mendebaldeko Sahararen gaineko Marokoren autonomia plana eta gure herriak autodeterminaziorako nahiz independentziarako dituen eskubideak ukatzen dituen irtenbidea inposatzeko edozein saiakeraren aurka gaudela", esan dute, beraien asmoak hasiera-hasieratik argi utziz.
Trump presidenteari eta Marokok Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna aitortzeko aldebakarreko erabakia babestu dutenei ere zuzendu zaizkie haiek. "Atzerriko botereek ez dute autoritate moralik eta legalik herri kolonizatu baten patuaz erabakitzeko. Mendebaldeko Saharak deskolonizatzeke dagoen lurraldea izaten jarraitzen du; bere etorkizuna herriak bakarrik erabaki dezake, erreferendum aske, justu eta garden baten bidez, Nazio Batuen eta Afrikako Batasunaren ebazpenek ezartzen duten bezala".
Kausarekiko duten fideltasuna agerian utzi dute plazan bildu diren lagunek. "Azkoititik gure nortasuna, gure erresistentzia baketsua eta askatasunaren bidezko kausari diogun fideltasuna berresten dugu. Okupazioa autonomia promesa faltsuekin mozorrotzeko edozein saiakera arbuiatzen dugu eta nazioarteko komunitateari exijitzen diogu nazioarteko legezkotasunaren aplikazioan duen erantzukizun historikoa bere gain har dezala. Saharar herriak ez du bere burua saltzen, ezta amore ematen ere. Gure ahotsek erbesteko txoko bakoitzetik egiten dute bat, Mendebaldeko Sahara saharar herriarena dela tinko esateko. Independentzia da bakerako eta justiziarako bide bakarra", esan dute. Elkarretaratzea, oihu, irrintzi eta biba oihuen artean itxi dute.