Ione Zuloaga Aranzadi zientzia elkarteko historialari eta kide azkoitiarrak hitzaldia eskainiko du etzi, osteguna, Elkarguneko Oteiza aretoan. Franco diktadorearen heriotzaren 50. urteurren egunean eskainiko du hark hitzaldia, eta hain justu, haren diktadurapean errepresaliatutako emakumeez hitz egingo du Zuloagak. Azkoitiko Udaleko Berdintasun arloak sustatu du Frankismoak errepresaliatutako emakumeak tokiko ikerketan izeneko hitzaldia.
Frankismo garaiko emakume errepresaliatuei buruzko ikerketa historikoa lantzen ari da Azkoitiko Udala, Aranzadiren eskutik, eta lanketa horren testuinguruan antolatu dute etziko hitzaldia. Besteak beste, testigantzak, argazkiak eta jasotzen den bestelako material guztia liburuxka batean biltzeko asmoa du erakundeak, Azkoitiko emakumeek 1936ko gerra eta haren osteko diktadura nola bizi izan zituzten ezagutzera emateko. Horrekin batera, memoria historikoa berreskuratzeko lanketa ere abian du udalak, 1959tik 1978ra bitarteko aldia ikertzen ari baita erakundea Aranzadirekin.