Frankismo garaiko emakume errepresaliatuen ikerketa historikoa egingo du udalak

Andoni Elduaien 2025ko urr. 6a, 12:21

Zubillaga, Buces eta Mendizabal, gaur, udaletxean. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko herritarrek pairatutako giza eskubideen urraketak identifikatzeko bigarren lanketa bati ekin diote udalak eta Aranzadik. 1936tik 1959. urtera errepresioa jasan zuten biktimen izen-abizenak zituzten jasota orain arte, baina, orain, 1959. urtetik 1978. urtera artekoak identifikatu nahi dituzte. Herritarrak testigantzak ematera animatu dituzte bi erakundeek.

Frankismo garaiko emakume errepresaliatuen ikerketa historikoa egingo du udalak. Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak herriko memoria historikoa berreskuratzeko egiten ari diren lanketa aurkeztu dute gaur, astelehena, udaletxean. Hala, erakundeak jarraipena emango dio 2022an hasitako ikerketa lanari; izan ere, udalak 1936tik 1959. urtera artean Azkoitian izandako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa du egina eta jasota azkoitiaoroimena.eus webgunean. Orain arte, 871 biktimen izen-abizenak jaso dituzte atari horretan, eta horiek guztietatik 159 dira emakumeak. 

Orain, bigarren lanketa batean murgilduko dira udala eta Aranzadi. Hori hala, ikerketa gauzatzeko epealdia luzatu egingo dute, 1959. urtetik 1978. urtera, hain justu. "Udalaren helburua da memoria historikoa berreskuratzea, beti esan ohi dugun moduan, gertatutakoaren egia ezagutuz eta herriaren esku jarriz. Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea", adierazi du Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak.

Dagoeneko abian dute bi erakundeek lanketa, eta horri buruzko argibide guztiak Javi Buces Aranzadiko historialariak eman ditu. Aranzadirengan jarritako konfiantza eta memoria historikoa berreskuratzen segitzeko ahalegina eskertu dizkio hark udalari. "Azkoitiak bere memoria historikoa berreskuratzen jarrai dezan lan egitea da gure konpromisoa. Errepresio frankista eta giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten biktima guztiak izen-abizenekin identifikatu nahi ditugu", esan du historialariak.

Biktimen egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea "legez jasota" daudela azaldu du historialariak, baina, baita errepresio hori publiko egitekoa ere. "Frankismoa, tamalez, ez zen bukatu 1945ean edo 1959an, ez zen amaitu Bigarren Mundu Gerrarekin. Gutxienez, 1978ra arte zabaldu zen frankismoa. Biktimen egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta gertatutako guztia publiko egiteko konpromisoari eusten diogu udalak eta Aranzadik, batetik, zer gertatu zen jakiteko, eta bestetik, biktimei izen-abizenak jartzeko".

Arreta emakumeengan

Ikerketa egiteko epea zabalduko dute batetik, baina, era berean, frankismo garaiko emakume errepresaliatuen ikerketa historikoa egingo dute. Bucesek adierazi du emakumeak beti "bigarren planoan" egon izan direla, baina, orain, "modu propioan" jaso nahi dute urte haietako emakume azkoitiarrek pairatutako errepresioa.

Are gehiago, lanketako "proiektu nagusia" hori izango dela aurreratu du historialariak. "Gerra garaiko eta gerraosteko historia aztertzen dugunean, askotan dirudi gizonen historia izan zela, baina atzean emakumeen sufrimendu handia dago, haiek jasan zituzten errepresioak gizonen aldean desberdinak izan baitziren. Errazagoa da historialarientzat hilketa bat identifikatzea, esaterako, baina emakumeek sufritutako errepresioak bestelakoak izan ziren, hala nola errepresio zuzena, estigmatizazio soziala eta legeen bitartez jasandakoak. Hori guztia dokumentatzea da orain gure asmoa, bai artxiboak ikertuz, bai herritarren testigantzak bilduz".

Hain justu, azkoitiarren kolaborazioa eskatu du Aranzadikoak bigarren lanketa horri begira. "Herritarren testigantzak jaso nahi ditugu. Jaso nahi dugu frankismo garaiko emakumeen bizitza nolakoa zen, nola pairatu zuten errepresioa, hala nola eskoletan, familien artean eta sexu harremanetan", esan du. Halako testigantzak ematera animatu ditu Aranzadiko kideak herritarrak, eta horretarako prest daudenek memoria@aranzadi.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-46 61 42 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Datorren urteko irailera arteko epea zabaldu dute udalak eta Aranzadik. Historialariaren esanetan garrantzitsua da testigantzak orain jasotzea. "Orain da momentua frankismoko azken urte horiek dokumentatzeko, oraindik badaude-eta dokumentatzeko testigantzak. Hemendik gutxira, berandu izango da".

Jasotakoa liburuxkara

Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak hartu du, azkenik, hitza. Frankismo garaiko emakume errepresaliatuen ikerketa Berdintasun sailak sustatu du, eta hark iragarri du erakundearen asmoa dela lanketaren ondoren jasotako guztia gordeko duen liburuxka bat kaleratzea.

Testigantzak, argazkiak eta bestelako dokumentuak jaso nahi ditu udalak. "Herrian errepresioa jasan zuten emakumeek izen-abizenak dituzte, eta horri balioa eman nahi diogu. Emakumeei aitortza egitea, jasandako errepresioagatik oroimena berreskuratzea eta haiei duintasuna ematea da helburua".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide