LGTBI+ pertsonen errealitatea ezagutzeko lanketa abiatu du udalak

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 11

BegoƱa Gorostiaga, Mertxe Zubillaga eta Egoitz Arbiol, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Azkoitia "guztiontzat bizigarriagoa" izan dadin, LGTBI+ kolektiboaren diagnostikoa eta ekintza plana osatzeko lanketa abiatu du Azkoitiko Udalak, eta horretaz arduratuko da Hiruki Larroxa kooperatiba. Kolektibo horretako kideen bizipenak jasoko dituzte lehendabizi, eta horretarako, elkarrizketa fasea hasi dute. 

LGTBI+ kolektiboak bizi duen egoeraren inguruko diagnostikoa eta ekintza plana egiteko konpromisoa hartu zuen Azkoitiko Udalak aurtengo aurrekontuak onartzerakoan, eta erakundeak lanketa hori hasi du orain. Udalaren sustapenez, Hiruki Larroxa kooperatiba arduratuko da lanketa egiteaz, eta kolektibo horretako kide diren herritarren bizipenak jasotzea izango da haren aurreneko egitekoa. Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak, Begoña Gorostiaga Berdintasun teknikariak eta Egoitz Arbiol Hiruki Larroxako kideak eman dituzte udalak arlo horretan aurrenekoz egingo duen lanketaren xehetasunak. 

Lanketak "ikusgarritasuna" eman nahi die LGTBI+ kolektiboko kide diren herritarrei, eta egitasmoa haiengana "hurbiltzeko eta ezagutzeko saiakera" dela azpimarratu du Zubillagak. "Beraien bizipenak, sentimenduak, emozioak eta finean, bizi dituzten errealitate desberdinak -edo agian oso antzekoak – ezagutu nahi ditugu, gizartearen begirada eraldaketarantz bideratzeko, gorrototik urrun". Era berean, herritarren jarrerak eta sentsibilizazio maila ere ezagutu nahi ditu udalak hasi duen bidearekin.  Arbiolek, bere aldetik, azpimarratu du proiektuak helburu argia duela: Azkoitia "guztiontzat bizigarriagoa" izatea, "sexu eta genero aniztasuna errespetatzen, balioan jartzen duen eta aitortzen duen herria" eraikiz. 

Ikuspegi "transfeminista eta parte-hartzailetik" garatuko du proiektua Hiruki Larroxak, eta hango ordezkariak aurreratu du lanketa ez dela soilik "bilketa teknikoa" izango, herritarren "bizipenak, beldurrak, desioak eta ahotsak" bilduko dituen prozesu kolektiboa baizik. Horretarako, bi lan lerro nagusi izango ditu proiektuak: bata izango da diagnostikoa egitea, eta han LGTBI+ pertsonen bizipenak eta testigantzak jaso zein herritarrek gai horrekiko dituzten jarrerak ezagutuko dituzte; bestetik, udal politiketan oinarritutako ekintza plana osatuko dute. 

Diagnostikoa osatzeko, bakarkako zein taldekako elkarrizketak egin eta herritar orori zuzendutako lan saioak prestatuko dituzte. Arbiolen esanetan, herrian dagoen LGTBI+ "aniztasuna" zein kolektibo horrekiko "pertzepzioa" jasoko dute emaitzan, hala nola bizipenak, aurreiritziak, LGTBIfobiak eta pertsona horien biziraupen estrategiak. Gero, diagnostikoa esku artean dutenean hasiko dira ekintza plana egiten, herritarren eta udalaren arteko "lankidetza" sendotuz "LGTBI+ fobiarik gabeko Azkoitia" eraikitzeko.  

LGTBI+ pertsonen bizipenak jasotzeko, hain zuzen, haiek elkarrizketatzea izango da Hiruki Larroxaren lehen lana, eta dagoeneko fase horretan dabiltzala azaldu du kooperatibako kideak. Gutxienez hamar-hamabost elkarrizketa egitea da sustatzaileen asmoa, baina jakitun dira zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta diagnostiko osatuagoa lortuko dutela. Horrenbestez, kolektiboko kide guztiak animatu dituzte beren bizi esperientziak eta pasarteak partekatzera. Arbiolek azpimarratu du anonimoan zein izen-abizenak emanda eskaini daitezkeela elkarrizketak, eta aurreratu "guztiek" dutela zerbait esateko: "Halako ikerketa kualitatiboek eskaintzen dutena da bizi prozesuetan eman diren hainbat gertakarien gaineko informazio biltzea, eta horrek dauka garrantzia berezia". Horretarako, Hiruki Larroxak kudeatzen duen honako helbide elektronikora mezua idatzita jar daiteke harremanetan: lgtbidiagnostikoa@azkoitia.eus. Horrez gain, egoeraren gaineko pertzepzioa zein den jakiteko asmoz, galdetegi bat ere prestatuko dute herritar guztientzat. 

"Inor" zokoan utzi gabe

Bestalde, Zubillagak argi esan du ez dutela "homofobiarik edota transfobiarik onartzen", eta Azkoitian ere "errespetua, tolerantzia eta justizia" aldarrikatu ditu zinegotziak. "Ez dugu nahi inor bazterrean uzterik, ez dugu inor ezkutuan bizitzerik nahi bere sexu identitate edo orientazioagatik". Ildo horretan, azaldu du LGTBI+ kolektiboaren egoera "pixkanaka zeozer" aldatzen ari dela, eta "kontrako jarrerak" egon arren, "gero eta gehiago" direla haien askatasuna aldarrikatzen eta babesten dutenak, oinarrian daudelako "justizia eta giza eskubideak". 

Lanketarekin LGTBI+ kolektiboaren defentsan jarraitzen duela berretsi du zinegotziak, eta diagnostikoaren emaitzak zein ekintza plana datorren urteko maiatzerako edo ekainerako amaituta izatea aurreikusi du hark, lan osoa LGTBIfobiaren Aurkako Eguna edo LGTBI Komunitatearen Eguna probestuz jendaurrean aurkez dezaten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide