Udalak 21,4 milioi euroko aurrekontu bateratua onartu du 2025erako

Iraia Oteiza 2024ko abe. 20a, 18:46

EH Bilduren abstentzioarekin atera ditu EAJk udal aurrekontuak aurrera. Udalak 18.360.000 euroko aurrekontu propioa izango du datorren urtean, aurtengoa baino  172.000 euro gehiagokoa. Udal Gobernuaren esanetan, aurrekontuek ongizate emozionala, energia trantsizioa eta azpiegitura sarearen sendotzea dituzte oinarrian.

Azkoitiko Udalak datorren urteko udal aurrekontuak onartu zituen atzo egindako ezohiko osoko bilkuran, EAJren aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta PSE-EEren nahiz Azkoitia Bairen kontrako botoekin. Horrenbestez, udalak 21.444.354 euroko aurrekontu bateratua izango du 2025ean, honako erakunde publiko hauetara bideratuta: Azkoitiko Udalak 18.360.000 euro izango ditu; Zubiaurre Elkarguneak, 1.132.500 euro; eta Azkoitia Lantzen sozietate publikoak, 3.023.454 euro.

Ondorioz, aurtengoa baino 172.000 euro gehiago izango du udalaren aurrekontu propioak hurrengo urtean, 18,1 milioi euroko euroko aurrekontua onartu baitzuen udalak 2024rako.

Udalaren arabera, 2025eko aurrekontuek, oro har, funtsezko hiru alderditan jartzen dute arreta: pertsonen buru osasuna zaintzeko eta ongizate emozional, psikologiko eta soziala sustatzeko esku hartze sozialean; energia trantsizioan; eta azpiegitura sarearen sendotzean.

Ingurumenarena izango da igoera handiena izango duen udal saila; izan ere, %25,86ko igoera izango du datorren urteko aurrekontuetan sail horrek. Besteak beste, Urbanue garraio publikoaren lizitazio berriak, Urola Erdiko Mankomunitateari udalak egiten dion ekarpenaren igoerak, udal eraikinetan eguzki plakak jartzeko sortutako partida berriek, txakur parkearen ekipamenduaren hobekuntzek edota landa lurzoruaren erosketek eragin dute igoera hori.

Halaber, Berdintasun sailak %22,60ko igoera izango du, eta Gizarte Zerbitzuen sailak %9 pasatxokoa. Datozen aurrekontuetan 20.000 euro bideratu dituzte LGTBI+ kolektiboak bizi duen egoeraren inguruko diagnostikoa eta ekintza plana egitera. Gizarte Zerbitzuetan, aldiz, batez ere hezkuntza eta psikosozial zerbitzuetan aurreikusitako hobekuntzek eragin dute igoera, psikologia zerbitzua txertatuko baitute horietan. Halaber, gizarte larrialdietara bideratutako diru kopurua ere igo egin dute, etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren gastuek ere gora egin dutelako.

Etxebizitza arloan, Azkoitia gune tentsionatu izendatzeko azterlana egiteko ere 19.000 euro jarri dituzte aurrekontuetan. 

Inbertsioetara 1.237.969 euro bideratuko dituela adierazi du udalak. Aurreikusitako jardueren artean, nabarmentzekoak dira Azoka Plazaren barrualdea txukuntzea (75.000 euro), Xabier Munibe haurreskolako berdegunea egokitzea (100.000 €) eta San Martin auzoan aparkalekuak sortzea (100.000 €). Halaber, aurrekontu akordioak Xabier Munibe Ikastolako jolastokia osorik eraberritzeko konpromisoa jasotzen du, eta baita – betiere aldez aurretik kokapena erabakita – atletismo pista bat eraikitzeko proiektua ere. Floreaga auzokoko irisgarritasuna hobetzeko bosgarren fasearekin, berriz, aurrera egingo dute.

Bestalde, udalak 4,4 milioi ezarri ditu udalerrian lan egiten duten gizarte, kultura edo kirol arloko elkarteei ematen dizkien diru laguntzetarako. Esaterako, 5.000 euroko partida bat sortu du AEKrentzat, eta UKTri ematen dion diru laguntza ere 10.000 euro igo du, 55.000 eurora iritsiz.

Aurrekontu bateratua

Udalaren aurrekontu propioaz gain, Zubiaurre Elkarguneak 1.132.500 euroko aurrekontua izatea ere onartu zuten atzo. Udalak hango bi sail kudeatzen ditu: Gazteria eta Kirola. Eraikina handitu ez badute ere, udalak jakinarazi du hobekuntzak egiten jarraituko dutela han. Hain zuzen, udala une honetan Elkargunearen etorkizuneko kudeaketaren azterketa lanetan murgilduta dago.

Azkoitia Lantzenek, bestalde, 3.023.454 euroko aurrekontua izango du, eta Txalonerreka eta Altamira arteko garapen urbanistikoari jarraipena emango dio, bertan eraikiko diren etxebizitzei bide emateko. Garapen horri esker, alokairu sozialeko eta sustapen pribatuko etxebizitzak eraikiko dituzte, herriko etxebizitza eskaintza zabalduz. 

Alderdien adierazpenak

Ana Azkoitia alkateak atzoko bilkuran adierazi zuen aurrekontuak negoziatzerako garaian Udal Gobernuak "modu arduratsuan" jokatu duela, eta EH Bilduri eskerrak eman zizkion adostasunerako izan duen prestutasunagatik. "Bi alderdiok gure proposamenetako batzuk bertan behera utzi behar izan ditugu, baina halakoak izaten dira negoziaketak", gaineratu zuen. Hala, alkatearen hitzetan, "aurrekontuak onartzea beti da albiste ona herriarentzat, zerbitzuak gehitu eta hobetzeko nahiz herritarren ongizaterako lehentasunezkotzat jotzen ditugun proiektuetan inbertsioak egiten jarraitzeko aukera ematen digutelako".

EH Bilduk azken asteetan EAJ eta Azkoitia Bai alderdiekin izandako harremanen eta negoziaketen ondoren erabaki zuen abstentziora jotzea. Koalizio abertzaleak azaldu zuenez, "gutxieneko akordioa" itxi zuen EAJrekin, koalizio abertzaleak aurkeztutako hainbat proiektu eta aldaketa proposamen onartu zituelako Udal Gobernuak. Hala eta guztiz ere, EH Bilduren bozeramaile Asier Altunak argi utzi zuen udalak onartu dituen aurrekontuak ez direla koalizioak herrirako proposatuko lituzkeenak.

Azkoitia Bairen ustez, Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak "ez dira oposizioaren gehiengoak adostutakoak izan". Jose Joakin Etxaniz herri plataformako bozeramailearen hitzetan, "EH Bilduk eta Azkoitia Baik elkarren artean egin genuen bileran lotu genituen proposamenak falta dira aurrekontuetan". Ondorioz, Azkoitirako "aurrekontu hobeak" posible direla jakinarazi zuen.

PSE-EEk, bestalde, "deitoratu" egin zituen udal aurrekontuak, hark aurkeztutako hamar proposamenetatik soilik hiru onartu dituelako udal gobernuak. Janire Igoa bozeramailearen esanetan, EAJk aurkeztutako aurrekontuek "anbizio eskasa" dute, eta horrenbestez, proposamenaren aurka bozkatu zuen.

Sidenorri babesa

Ezohiko osoko bilkurak iraun zuen bitartean, Sidenor enpresako beharginak plazara atera ziren beste behin, enpresa lan hitzarmena iraungi zaiela eta hitzarmen berriaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatuz.

Plazako protesta hotsa garbi entzun zuten atzo udaletxeko bilkura aretoan bilduta zeudenek. Ondorioz, bilkura amaitu ostean, hitza hartu zuten Asier Altuna EH Bilduko bozeramaileak eta Ana Azkoitia alkateak, eta "babesa" eskaini zieten Azkoitiko Sidenor enpresako langile guztiei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide