Sidenorrek 33 aldiz bidali dio armagintzarako altzairua Israeli Gazako genozidioa hasi ostean

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 11

Sidenorren Azkoitiko lantegia. (Andoni Elduaien)

Israel Military Industries (IMI) enpresari, denera 42 alditan bidali dio armak ekoizteko altzairua Sidenorrek; horietatik 33 aldiak Gazan genozidioa hasi zenetik izan dira, Berria egunkariak jakinarazi duenez. Sidenor enpresako Jose Antonio Jainaga presidentea eta beste bi buru auzipetuta daude; bihar deklaratuko dute epailearen aurrean.

2023ko otsailetik aurtengo ekainera bitartean, armak ekoizteko 42 aldiz bidali dio altzairua Sidenorrek Israel Military Industries (IMI) enpresari. Altzairu bidalketa horietatik 33 aldiak Gazako genozidioa hasi ondorengoak dira, alegia, 2023ko azarotik aurrerakoak. Berria egunkariak eman du datu horien berri. Hedabide horrek zehaztu duenez, genozidioa hasi zenetik guztira 4.587 tona bidali zituen armagintzarako Sidenorrek Israelera, eta trukean 5,8 milioi euro jaso zituen.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea Sidenor enpresako presidente Jose Antonio Jainaga, zuzendari orokorra den Marco Pineda eta zuzendari komertziala den Iñigo Molero ikertzen ari da, kontrabandoa egitea, gizateriaren aurkako delitua edota genozidioaren konplize izatea egotzita. Sidenorreko hiru goi kargudun horiek bihar, asteazkena, dira deklaratzekoak epailearen aurrean. 

Francisco de Jorge epaileak hasi zuen ikerketa, eta haren autoaren arabera, Azkoitian lantegia duen enpresak Israel Military Industries (IMI) arma ekoizleari altzairu astuna zein arina saldu zion, eta hark jakin du hiru ikertuek Israelera bidalitako altzairua armak egiteko erabiliko zela "jakitun" jardun zutela. Epaileak gaineratu du, material hori Espainiako Gobernuari jakinarazi gabe saldu zutela eta erregistroan inskribatu gabe egin zuela enpresak, joan den irailaren 10ean Espainiako Poliziak jasotako ofizio baten arabera. 

Kataluniako Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak jarritako kereila baten ondorioz zabaldu zuen auzitegiak hiru lagunen aurkako prozedura judiziala. Salaketa hori aurkeztu zen egunetan, Sidenorren 122 tona altzairuko zama zuten prest Bartzelonako portuan uztailean itsasoratzeko; karga hura konfiskatzeko eskatu zuen elkarteak orduan. Sidenorrek, berriz, uztailean adierazi zuen Israelekin komertzioa etengo zuela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide