Sidenorrek Israelekin zituen harreman komertzialak eten zituela aditzera eman zuen uztailean, baina gaur, ostirala, Espainiako Auzitegi Nazionalak jakinarazi du epaileak enpresa horretako presidente Jose Antonio Jainaga eta bi goi kargudun ikertzen ari direla sumarioari sekretua kendu ondoren; kontrabandoa eginda, gizateriaren aurkako delitua edo genozidioaren konplize izatea egotzi dizkiete.
Francisco de Jorge epaileak zabaldu du ikerketa, eta haren autoaren arabera, Azkoitian lantegia duen enpresak Israel Military Industries (IMSI) arma ekoizleari altzairu astuna zein arina saldu dio, eta hark ziurtatu du hiru ikertuek Israelera bidalitako materiala armak egiteko erabiliko zela "jakitun" jardun zutela. Epaileak azaldu du, material horren salmenta Espainiako Gobernuari jakinarazi gabe eta erregistroan inskribatu gabe egin zuela enpresak, joan den irailaren 10ean Espainiako Poliziak jasotako ofizio baten arabera.
Kataluniako Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak jarritako kereila baten ondorioz hasi zuen auzitegiak hiru lagunen aurkako prozedura judiziala, eta horiek azaroaren 12an deklaratu beharko dute epailearen aurrean.