Sidenorrek merkataritza harremanak eten ditu Israelekin, eta hori hala, altzairua saltzeari utziko dio Azkoitian lantegia duen enpresak. Espainiako Gobernuak apirilean erabaki zuen Israelekin zuen salmenta kontratua bertan behera uztea, eta bide horri jarraituz, Sidenorrek ere altzairuaren salmentak etengo ditu.
BDZ-Bizkaia plataformak eta ELA, LAB zein ESK sindikatuek idatzi bat aurkeztu zioten enpresari duela egun batzuk. Plataforma horrek jakinarazi zuen Sidenorrek orain arte "Israelgo Armadari suzko armak eta munizioa hornitzen" dizkion IMI Systems arma fabrikatzaile israeldarrari saldu izan diola altzairua.
Horren berri jakin eta gero, sindikatuek eta plataformak publiko egin den informazio hori egiazkoa den edo ez jakinarazteko eskatuz idatzi diote Sidenor enpresari. Halaber, Sidenorri eskatu diote "berehala uzteko" Israelgo enpresa horri altzairua saltzeari. Eusko Jaurlaritzari ere gauza bera egiteko galdegin diote, "Palestinako genozidioarekin kolaboratzen duten enpresekin edozein motatako adostasunak baztertuz".
Sidenorri idatzi hori bidali eta egun gutxira etorri da enpresaren erantzuna. Era berean, enpresak jakinarazi du Israelgo enpresekin zuen merkataritza harremana bere salmenta guztiaren %0,5 baino txikiagoa izan zela 2024. urtean.